telebista
22:30ean
Gorbeia mendiaren magalean, gaurko, 'Juego de Cartas' saioan
EiTB
Zurbano, La Posada, Unda eta Zuia Club de Golf jatetxeak elkarren aurka lehiatuko dira Gorbeia mendi-magaleko jatetxe onenaren saria eskuratzeko.
Abestiak dioenaren arabera, Gorbeia mendiaren gailurrean maitasunaren gurutzea dago, eta 'Juego de Cartas' saioak baiezta dezake, gainera, Gorbeiaren magalean goi-mailako jatetxeak daudela. Horren adibide garbia dira gaur gaueko atalean lehian arituko diren lau jatetxeak.
Lehenengoa Arabako lurretan dago: Zurbano. Victor Monje sukaldari eta jabeak defendatuko du bere negozioa astelehenean. Inguru horretan hain ezagunak omen diren txuleta-hanburgesak prestatuko ditu.
La Posada jatetxea ere, Araban dago, Legution, hain zuzen ere, eta Ander Lekue Martinez de Sarria da bertako nagusia. Suhiltzailea izan nahi zuen, sukaldaritzarekin topo egin zuen arte. Horren istorioa ezagutzeko aukera izango da saioan zehar.
Garbiñe Unda izango da Gorbeiako eremu bizkaitarra babesteko arduraduna, Otxandioko Unda jatetxea aurkeztuko baitu. Txiki-txikitatik gustatu izan zaio sukaldaritza, eta bere jatetxean mendi itzuli baten ondoren indarrak berreskuratzeko beharrezkoa den guztia topa daitekeela esaten du.
Saioa amaitzeko, Arabara joango dira berriro ere. Beatriz Suarezek Zuia Club de Golf aurkeztuko digu. Golfean jokatu beharrik gabe, jatetxeak eskaintzen dituen gutizia gastronomikoak prestatuko ditu.
'Juego de Cartas' saioa astelehenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.