telebista
Audientzia
Lau T'erdiko Txapelketako finala, bere ordu tartean nagusi
EITB
Gainera, 'Herri Txiki'k euskaldunen artean inoiz lortutako daturik onena eskuratu zuen eta denboraldiko saiorik ikusiena izan zen. 'Go!azen' saioak ere arrakastatsu ekin zion denboraldi berriari.
-
Ezkurdiak irabazi zuen unea
Igandean Euskal Telebistak Nafarroa Arena frontoitik zuzenean eskaini zuen Lau T'erdiko Txapelketako finalak arrakasta handia izan zuen. Azken unera arte bizi izan zen lehia Joseba Ezkurdia eta Jokin Altunaren artean, eta azkenean arbizuarra nagusitu zen 22-17 irabazita.
Finalaren zuzeneko emanaldiak %21,4ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %29,5eko kuota bereganatu zituen. Bere ordu tartean nagusi izan zen eta eguneko bigarren saiorik ikusiena, gaueko 'Teleberri' albistegiaren atzetik. Halaber, 302.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.
'Herri Txiki', markak hausten
Igande gaueko 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak denboraldiko daturik onenak lortu zituen Soraluzeri buruzko atalarekin: %7,4ko audientzia zatia eta euskaldunen arteko %22,8ko kuota. Zuhaitzek eta Pagadik gidatutako saioak bere markak gainditu zituen eta euskaldunen artean lidergoa sendotu zuen, publiko honen artean inoizko daturik onena bereganatuz. Gainera, 155.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.
'Go!azen' arrakastatsu, bere estreinaldian
ETB1ek ostiral gauean estreinatu zuen 'Go!azen' telesailaren denboraldi berriak ere datu bikainak eskuratu zituen: %4,6ko kuota, euskaldunen artean %14,5ra iritsiz. Gainera, ume eta gaztetxoen artean lider izan zen: %29,4ko audientzia zatia lortu zuen 4-18 urte bitartean.