Itxi

telebista

Jarraipen berezia

EiTB Durangoko Azokan murgilduko da

EITB

Horrez gain, EiTBren eduki eta produktuen erakusleihoa izango den EiTB Gunea egongo da azokaren kanpoaldean.

  • Durangoko Azokaren aurkezpena

    Durangoko Azokaren aurkezpena. Argazkia: Durangoko Azoka

EiTB taldeko hedabideek Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 53. edizioaren jarraipen zabala egingo dute. Asteazkenean hasi eta igandera bitartean, Euskal Telebistako albistegi eta saioek Azokatik zuzenekoak eta eduki bereziak prestatuko dituzte, eta Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak Durangotik bertatik eskainiko dituzte zuzeneko saioak. eitb.eus-ek, bere aldetik, Azokari buruzko webgune berezian Durangoko nobedade, albiste eta eduki guztiak bilduko ditu.

Horrez gain, aurtengo berrikuntza bezala, EiTB Gunea izango dugu Landako Gunearen kanpoaldean, abenduaren 5etik 8ra, eta EiTBko hainbat edukiren erakusleihoa izango da.

EiTB Gunean ekitaldi eta aurkezpenak

Asteazkenean, abenduaren 5ean, Zuhaitz etxeko istorioak Hiru3 klubak Ibaizabal argitaletxearekin ateratako ipuin sorta aurkeztuko dute EiTB Gunean, Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Amancay Gaztañaga aktoreak, goizeko 11:00etan. ETB3n ikusgai dauden izen bereko marrazki bizidunetako ipuinak dira eta goizean haurrentzako irakurriko dituzte.

Ostegunean, abenduaren 6an, 'A Bocados' saioaren errezeta liburua aurkeztuko dute Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak 10:30etik aurrera. Zigor Iturrieta sukaldariak ere Txorieneren lau urtaroak errezeta liburua aurkeztuko du 11:00etatik aurrera.

Horrez gain, 'Go!azen' telesaileko protagonistak argazkiak egiten egongo dira arratsaldero (17:00etatik 19:00etara), abenduaren 5, 6, 7 eta 8an, eta goizez, abenduaren 5ean (12:30etik 14:00etara). '3zpa4’ko aktoreak ere EiTB Gunean egongo dira abenduaren 7 eta 8an euren disko berria sinatzen eta argazkiak egiten (15:00etatik 17:00etara).

Abenduaren 7an 'Gutuberrak' ETBk eta Erronka Berriak ekoiztetxeak egindako webseriea aurkeztuko dute 11:00etan. Familia batek etxegabetze baten mehatxuari aurre egin behar diola kontatzen du 'Gutuberrak' webserieak, eta behar duen dirua lortzeko youtuber bihurtzea besterik ez zaie bururatzen etxetiarrei. Seriea eitb.eus-en izango da ikusgai abenduaren 6tik aurrera.

Abenduaren 8an Dantza eta Agur Etxebeste filmei tartea egingo zaie EiTB Gunean 11:00etatik aurrera.

Telebistako edukiak

Asteazkenean hasi eta igandera bitartean, Euskal Telebistako albistegi eta saioek Azokatik zuzenekoak eta eduki bereziak prestatuko dituzte. Hasteko, Durangoko Azokaren irekiera ekitaldia zuzenean ikusteko aukera emango du 'Egun On Euskadi' albistegiak. Halaber, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko zuzendariarekin elkarrizketa eskainiko dute Durangotik zuzeneko konexioan.

Azoka hasi eta hurrengo egunetako ekimen, aurkezpen eta albisteen berri emango dute Euskal Telebistako 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek.

Gainera, 'Ahoz Aho', 'En Jake', 'Qué Me Estás Contando' eta 'Está Pasando' saioek zuzenekoak egingo dituzte eta eduki bereziak eskainiko dituz Azokaren egun eguneko gaiak uztartuz. Halaber, ostiralean, abenduaren 7an, Ilaski Serranok Azokatik zuzenean egingo du 'Ahoz Aho' saio berezia, 19:00etatik 20:00etara. Bertan izango diren musikari eta idazle garrantzitsuenekin izango dira eta Ahotseneako bi guneekin konektatuko dute bertan dagoen giroa ikusteko.

Horrez gain, 'EiTB Kultura Transit'ek Azokari eskainiko dio aste honetako saioa, eta honako protagonistekin hitz egingo dute: Gari musikariarekin, Azokan ohikoa den Toti Martinez de Lezea idazlearekin eta aurtengo kartela egin duen Txakur Gorria kolektiboarekin. Horrez gain, liburu eta disko nobedadeak, kontzertuak eta Irudienea gunean aurkeztuko diren filmak errepasatuko ditu saioak.

Amaitzeko, ETB2k 'Historias a Bocados' saio berezia eskainiko du asteazken gauean, 22:30ean. Joseba Arguiñano sukaldaria Durangoko jendearekin izango da, eta Azokan dagoen giroaz eta herritarrek azokarekin duten inplikazioaz arituko da.

Irratian programazio berezia

Azokak iraungo duen egunetan , Radio Euskadiko eta Euskadi Irratiko saio desberdinetan Durangon bertan gertatzen denaren berri emango dute Juan Ramon Martiarena eta Idoia Jauregi kazetariek. Horrez gain, irratiko hainbat saio Azokatik bertatik egingo dira zuzenean.

Abenduaren 5ean, Azokaren irekiera zuzenean emateko, konexioak egingo dituzte Euskadi Irratian eta Radio Euskadin, eta eguerdiko kultur albistegiak, biak, bertatik egingo dituzte zuzenean: 'Kultura.eus', Radio Euskadin, Idoia Jauregirekin, eta 'Kultur Leihoa', Jon Aizpuruarekin, Euskadi Irratian, 14:15ean.

Abenduaren 6ean, Radio Euskadiko 'Más Que Palabras' saioa zuzenean egingo da bertatik, 9:00etatik 14:00etara.

Abenduak 7an,  Euskadi Irratiko 'Faktoria magazina' (10:00etatik 13:00etara) , 'Kultura.eus' eta 'Kultur Leihoa' saioak eta Radio Euskadiko 'Iflandia' (15:00) eta 'Graffiti' (16:00) saioak Azokatik bertatik egingo dira zuzenean. Gaztean, 'B Aldea' saio berezia 20:00etatik aurrera egingo dute, elkarrizketa eta zuzeneko emanaldiekin.

Abenduak 8an, 'Pompas de papel' Radio Euskadiko literatura saioa bertatik egingo da, eta asteburu guztian zehar zuzeneko konexioak egingo dira Landako gunearekin. Amaitzeko, igande iluntzeko albistegietan, Azokaren 53. edizio honek eman duenaren balantzea helaraziko diete entzuleei.

Eduki hauek guztiak eitb.eus-ek Durangoko Azokari eskaitzen diot webgune berezian egongo dira.