telebista
22:30ean
'Vascos por el Mundo'k Qatar bisitatuko du ostegun gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
Gorka Vallejo kazetariak Qatarrera bidaiatuko du bost protagonista euskaldunen eskutik, bertako toki izugarrienak ezagutzeko asmoz.
-
'Vascos por el Mundo', Qatarren. Argazkia: EiTB
'Vascos por el Mundo' saioak, Asia mendebaldeko Qatar estatua bisitatuko du ostegun honetan. Gorka Vallejo kazetariak, besteak beste, Sealine, Cartier kanala, Katara eta West Bay kaleetatik eramango gaituzten bost euskaldunak ezagutuko ditu.
Ivan, bilbotarra da eta Iruñeko enpresa batean lanean zegoela, proiektu bat egiteko bidaiatu zuen Qatarrera; egun, 3 urte daramatza bertan. Bere lana eta qatariek autoei dieten maitasuna erakutsiko digu. Horrez gain, Sealine basamortuan barrena ibiltzeko aukera izango dugu berarekin. Eguzkia joaten hasten denean, qatariek Zoco kalea betetzen dute. Bertara hurbilduko gara hegaztiak ehizatzeko zaletasuna mugitzen duten lokalak ezagutzera. Ivanen koadrilarekin bertako gastronomiaz gozatu ahal izango dugu.
Eider eta Jonatan, Basaurikoak, euren bi alabekin batera, 2 urte daramatzate Qatarren bizitzen. Jonatanek futbol entrenatzaileen koordinatzaile gisa egiten du lan, eta Eider ostera, haur eskola bateko irakaslea da. Jonatanek Qatar 2022ko Munduko Futbol txapelketaren egoitza izango dela jakinaraziko digu, beraz, partida jokatuko duten estadiora eramango gaitu. Qatarreko eraikinik altuenak ikusiko ditugu berarekin. Horrez gain, bikoteak La Perla penintsula artifizialera, Cartier Kanala ezagutzera eta hemengo bainujantziak erabili daitezkeen hondartzetara eramango gaitu, izan ere, gutxi dira hauek.
Nekane Arrigorriagakoa da, eta Qatar telebistako kate batean bideo edizioan ari da lanean. Duela 5 urte heldu zen, eta harrigarria badirudi ere, faltan botatzen du euria. Nekanerekin Katara eta Zekreeteko basamortua ezagutuko ditugu, non txakurrak libreki korrika egin eta paseatu dezaketen. Bukatzeko, Nekanek, Corniche ingurutik eramango gaitu itsasontziz, eta Arte Islamikoko Museoa eta Qatarreko Emir erresidentzia ofiziala ezagutuko ditugu.
Fatima, irundarra da eta 2 urte daramatza administratzaile lanetan Dohako eskola pribatu batean. Qatari hezkuntza ezagutzeko aukera izango dugu berarekin. Gainera, erosketak egitera ere eramango gaitu, bitxitegiak izango dira protagonista. West Way kaleetan barrena, etxe-orratzak ikusiko ditugu, eta bukatzeko, bere etxean egingo dugu geldialdia.
'Vascos por el Mundo' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.