telebista
20:00etan
'Historias a Bocados' Zamudion izango da gaur
EiTB
Gabonak direla eta, Joseba Arguiñano sukaldaria, Zamudiora hurbilduko da bertako auzokideekin herriko ohitura gastronomikoak zeintzuk diren jakiteko.
Gabon gaua gertu dugula aprobetxatuta, Joseba Arguiñanok Zamudion gabonak nola ospatzen dituzten jakin nahiko du, gaur, 'Historias a Bocados' saioan. Begoña Madariaga, 64 urteko zamudiotarra da, eta gabonetan, bere etxean barraskiloak jaten dira. Lehendabizi egingo duten gauza, ortura joan eta barraskiloak jasotzea izango da. Begoñak hauen prestakuntzarako jarraitu beharreko pausu guztiak kontatuko dizkio, izan ere, 4 orduko prestakuntza prozesua eskatzen du plater honek. Azkenik, hauek dastatzeko aukera izango dute Begoñak Josebari lehengo eta oraingo gabonen aldea nolakoa den kontatzen dion bitartean, tartean ere, gabonetako hainbat oroitzapen ekarriko dituzte gogora.
Ibai Etxebarria 31 urteko auzokidea da, nekazaritza munduan dihardu askotariko barazkiak ekoizten. Azalorea, brokolia, bruselazak, eta negu denboraldiko barazkiekin egindako menestra prestatuko du Josebak, Ibairen etxeko gabonetako plater tipikoa.
Josean Uriarte 45 urteko zamudiotarra da. Nahiz eta erizaina izan, beste hamaika gauza gehiago egiten ditu, Herri Kiroletako epaia ere bada eta nazioarteko sokatiran ibili ohi da epai gisa. Baserrian animalia asko ditu eta oraindik baserritar bizimodua eramaten du Joseanek, esaterako, idiei lotutako karroan eramaten du belarra toki batetik bestera. Josebak karroa belarrez betetzen lagunduko dio ondoren behiei jatekoa eman ahal izateko. Horrez gain, Joseanek organoa ere jotzen du, beraz, San Martin elizara hurbilduko dira biak Josebak Joseanek organoa nola jotzen duen ikus dezan. Gabonetako abestiren bat entzuteko aukera ere izango du sukaldariak bertan. Une gastronomikoari dagokionez, egunotan Joseanen etxean ohikoa duten plater bat prestatuko dute, usoa eta barazkiak eskabetxean.
'Historias A Bocados' Zamudion izango da, gaur, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.