telebista
22:30ean
Kalean bizi diren pertsonak protagonista, gaur gauean, 'Punto de Vista' saioan
EiTB
Gaurko atalak aterperik gabeko pertsonak izango ditu hizpide. Kalean bizitzera nola heldu diren ulertzeko, hiru protagonistaren testigantzak bilduko dira.
-
'Punto de vista' saioko irudia. Argazkia: EiTB
Cuando el cielo, sin techo, se nos cae encima da 'Punto de Vista' saioaren gaurko atalaren izenburua. Pobrezian eta kalean bizi diren pertsonak izango ditu saioak protagonista.
Iñaki Erlozak gidatuta eta protagonisten ikuspuntutik, saioak pobrezian bizi diren eta aterpe gabekoen bizimodua izango du ardatz, Joseba, Cesar eta Felicidad gonbidatuen eskutik. Kalean bizirautera eta noraezean ibiltzera eraman dituzten gorabeherak azalduko dizkigute ostiralean.
Gizarteak sarri mesfidati begiratzen die pobrezian eta kalean bizi diren pertsonei, nolabaiteko handitasun moralarekin edo noizbait euren azalean topatzeko beldurragatik agian. Drogak, alkoholak, arazo psikiatrikoak, ekonomikoak… kalean bizitzeko kausak hamaika dira, putzu honetatik irtetekoak beste; hala ere, saioak erakutsiko duen legez, ezer ez da ezinezkoa.
Protagonista guztiak anonimoak izango dira saioaren hasieran, baina saioaren bukaeran aukeratu ahal izango dute anonimo izaten jarraitu edo ez. Izan ere, lotsak, aurreiritziek edo ondorio pertsonalek anonimo izatera eraman dituzte.
Horien ikuspegia islatzeaz gainera, saioak protagonisten inguruko pertsonen eta adituen testigantzak bilduko ditu, bakoitzaren egoerak testuinguruan hobeto kokatzeko.
Atal bakoitzak gai desberdin bat du ardatz, hiru protagonista eta hiru ikuspegi desberdinetatik kontatu nahi dena.
'Punto de Vista': Cuando el cielo, sin techo, se nos cae encima, gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.