Itxi

telebista

'El Conquis'en 2. atala

Sveta izan da lehen kanporatua Pazifikoko abenturan

EiTB

Lunak arazorik gabe kanporatu du Sveta. Eneko izango da talde urdineko kapitaina, Patri talde berdekoa, eta Seleta, aldiz, gorrikoa.

  • Svetlana Armendariz, Sveta

    Svetlana Armendariz, Sveta. Argazkia: EiTB

Sveta nafarrak Eneko iritsi berriaren taldearen hutsak ordaindu ditu, gorriek Piliri immunitatea eman ostean.

Sveta ez da Lunaren mailako arerioa izan, eta madrildarrak aise irabazi dio "El Conquistador del Pacífico" saioaren 2. ataleko dueluan. Patri talde berdeko kapitainak ezin hobeto aukeratu du duelura joan den pertsona.

Enekok urdinen kapitain bezala izan duen debuta izugarri txarra izan da; bere taldeak ez ditu lanak ongi egin, eta kapitaina askatu dutenerako berdeek eta gorriek proba bukatuta zuten.

Askoz zirraragarriagoa izan da Seletak eta Patrik kanpamentu aberatsa lortzeko izan duten borroka. Proba azken segundoan erabaki da, eta, Patri pertikatik gorako bidean aurretik zihoala zirudien arren, Seleta azkarragoa izan da suontzia pizteko orduan. Beraz, garaipena eman dio talde gorriari.

Berriatuarrak kanpamentu aberatsaren giltzak lortu ditu, eta talde gorriko kideak bereganatu. Patrik ere, harrera ona izan du talde berdean, proban egin duen lan onaren ondorioz. Bestalde, urdinek galdu egin dute, baina Enekok itxaropena eraman du kanpamentu oso txirora.

Ondoren, Gaztek bete-betean asmatu du bere iragarpenarekin, eta Pilik immunitatea eskuratu du. Zaila da jakitea Enekok zein estrategia erabiliko duen urdinen bidea zuzentzeko, baina horren esperientzia kontuan izanda, zerbait bururatuko zaio, seguru.

Ez galdu "El Conquistador del Pacífico", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.