telebista
22:15ean
Kirol apustuen inguruko erreportajea, gaur gauean, '360º' saioan
EITB
Eider Hurtadok aurkeztuta, adingabeen artean ludopatiak izan ditzakeen arriskuak aztertuko ditu saioak. Halaber, Euskadin kirol apustuen sektoreak gaztetxoen artean duen eragina ikertuko dute.
-
Eider Hurtado
Apustu etxeen ugaritzeak adingabeen artean ludopatiak izan ditzakeen eragin kaltegarrien inguruko alerta piztu du. Nola hasten dira gazteak jokoan? Non jokatzen dute? Nor da jarduera honen sustapenaren arduraduna? Gaurko '360º' saioak Apuestas deportivas: ¿un juego peligroso? erreportajea eskainiko du, galdera hauei erantzuna emateko asmoarekin.
Eider Hurtado kazetariak aurkeztuta, bi gazte adingabeen kolaborazioa jasoko du saioak, apustu etxeetan gaztetxoek jokatzeko duten erraztasuna azaltzeko. Bi kolaboratzaile gazteek eramango duten kamera ezkutuak egoera harrigarria erakutsiko digu eta apustu etxeen barruan adingabeek jokatzeko inolako oztoporik topatzen ez dutela ikusiko dugu. Baina ez hori bakarrik, gazteen elkargunea eta haien aisiaren kokalekua bihurtu dira apustu etxeak.
Halaber, 18 urteko gazte baten testigantza jasoko du saioak. Kirol apustuei esker, azken urtean 5.000 euro irabazi dituela aitortuko du. Bere istorioa errehabilitazioan dagoen gazte ludopata baten testigantzaren kontrakoa izango da, baina bi gauzetan bat egingo dute: biak oso gazte zirenean sartu ziren apustuen munduan, eta biek dirua lapurtu behar izan diete euren senitartekoei jokoan izandako zorrak ordaintzeko.
Baina zer iritzi dauka kirol apustuen sektoreak honi guztiari buruz? Xabier Rodríguez-Maribonak, Retabet enpresako zuzendari nagusiak, sektorea defendatzen du, jokoaren adikzioaren garapena haien ardura ez dela argudiatuz. Iritzi berdinekoa da Peio de Frutos, Euskadiko Joko-etxeen Elkarteko idazkari nagusia.
Halaber, '360º' saioak legeak aipatzen dituen apustu etxeen arteko distantziak errespetatzen ote diren frogatuko du, eta apustu etxeak hezkuntza zentroetatik gertuegi dauden ala ez jakingo du. Lokal hauen gaineko zalantza guztiak erantzuteko, Aitor Uriarte Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizun zuzendariarekin izango dira. Jokoak eskatzen duen legea zorrotzagoa izan beharko luke?
Amaitzeko, hiru ikertzailerekin solasean arituko da Eider Hurtado: Igor Meltxor kazetari eta ikertzailea, Hibai Lopez-Gonzalez Deustuko Unibertsitateko Psikologia Departamenduko ikertzailea, eta Ana Estevez, Psikologian doktorea. Hirurek, prebentzioaren eta publizitatearen ikuspuntutik aztertuko dute ludopatiaren fenomenoa eta 80ko hamarkadan Euskadik bizi izan zuen droga kontsumoarekin analogia egingo dute.
'360º' saioak Apuestas deportivas: ¿un juego peligroso? erreportajea eskainiko du gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.