telebista
22:00etan
Espainiako armadaren ezkutuko aldea, gaurko '360º' saioan
EITB
ETB2ko saioaren lantaldea Euskal Herriko kuarteletako militarren artean eman diren ustelkeri kasuak argitzen saiatuko da.
-
Eider Hurtado
Eider Hurtadok aurkeztuta, La cara B del ejército español erreportajea eskainiko du gaur gaueko '360º' saioak. Indar armatuen erakundearen barruan egon diren delituzko praktiken berri emango dute, ezkutuan dauden ustelkeria kasuak azalduz.
ETB2ko saioak armadaren barruan B kutxa bat dagoela frogatu dezaketen datuak topatu ditu. Aizoaingo (Nafarroa) kuarteleko America 66 erregimentuko kideek emandako dokumentazioaren arabera, iruzurra egon da kudeaketa arloan. Bertaratzen diren soldadu kopurua baino gehiago zenbatzen dituzten maniobra militarrak egon omen dira, soldadu kopuru handiagoaren truke diru gehiago jasotzeko.
Mungiako Soietxe kuartelera ere joko dute. Garellano 45 erregimentuko kapitain ohiak, Pedro Palazuelosek, ustelkeriaz eta laneko jazarpenaz hitz egingo du. Bestalde, Luis Gonzalez Segura teniente ohiak azalduko du armadatik kanporatu zutela ustelkeria kasuak salatzeagatik.
Horrez gain, defentsa-ministerioko benetako aurrekontua zein den ikertuko du '360º' saioak Pere Ortega Bartzelonako Estudios para la Paz zentroko presidentearekin. Julian Garcia Vargas Defentsa ministro ohiarekin ere hitz egingo dute. Bere kargua utzi ondoren, Espainiako defentsa enpresa pribatuekin harreman estua izan zuen.
Halaber, Fulgencio Coll lurreko armadako Estatu Nagusiko buru ohiarekin mintzatuko dira.
Amaitzeko, sexu erasoen aurrean justizia militarrak nola jokatzen duen aztertuko dute. Biktima batekin hitz egingo dute, indar armatuen barruan emakumeak bizi duen egoera ezagutzeko.
'360º' gaur gauean izango da ikusgai 22:00etan ETB2n eta eitb.eus.en.