telebista
Dokumentala
Raul Guerra Garridori buruzko 'Cacereño. Un retrato social' dokumentala aurkeztu dute
EiTB
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta EiTBk sustatutako dokumentala, 'Cacereño' eleberriaren 50. urtemuga betetzen den honetann idazleari egindako omenaldiaren ekimena da.
-
Edu Barinaga, Dennis Itxaso, Raúl Guerra Garrido, Felipe Juaristi eta Patxi Arratibel aurkezpenean
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EiTBren eskutik, Raul Guerra Garrido idazlearen ibilbide eta lanaren inguruko Cacereño. Un retrato social dokumentala aurkeztu da asteazken honetan (martxoak 13). Gipuzkoako Foru Aldundiak Cacereño eleberriaren 50. urteurrena dela eta idazleari prestatutako omenaldiko ekimena da ikus-entzunezkoa. Emanaldi publikoa martxoaren 26an izango da Donostian eta ETB2k irailaren 8an emango du, Extremaduraren Egunean.
Raul Gerra Garridoren bizitza eta lanaren berri ematea da dokumentalaren xedea, baina, ororen gainetik, nobelaren kalitatea eta xamurtasuna hurbildu nahi dio ikus-entzuleari, industri eta migrazio-giroko urte haietako errealitate soziala, alegia. Batzuentzat oroitzapen handiko garaia izan zen, beste batzuentzat, berriz, tragedia handiko garaia. Dokumentalak XX. mendeko 50 eta 60. hamarkadak erakutsiko dizkigu Euskal Herrian; emigrazioaren fenomenoa eta hirietan izan zituen ondorioak, eta, batik bat, ondorio politikoetan erreparatuko du.
Raul Guerra Garridoren Cacereño gaur egungo Espainiako literaturaren nahitaezko erreferentea da. Pepek -Raul Guerra Garridoren 'Cacereño'ak- bere familia eta Torrecasar herria utzi zituen, egiazko Miajadas eta Extremadurako beste zenbait leku irudika ditzakeen herria, hain juxtu. Herri hauetatik guztietatik ere, Extremadurako milaka lagunek Euskal Herrira bidaia egin zuten 1950 eta 1960eko hamarkadetan industriaren garapenak erakarrita, garai hartako Espainia landatarrak eskaintzen zuen bizimodu gogorrari irtenbidea bilatzeko.
2019an, esan bezala, eleberriak 50 urte betetzen ditu. Eta gaur egungo inguru-marian zaharkituta gelditu beharrean, indarra eta bizia irabazi duela esan dezakegu, emigrazioa baita gai nagusia. Eleberrian protagonistari jazotzen zaio guztia bere garaiko errealitatearekin bat dator eta, halaber, bere orduko bizi-baldintzak azaltzen ditu.
Raul Guerra Garrido berak egiten du dokumentalean kontakizuna. Orobat, bere lana eta, batez ere, Cacereño eleberria ondo ezagutzen duten lagunen azalpenak tartekatu dituzte. Garai hartako mugimendu sozialak eta etorkin mugimenduak azalduko dituzte, testuinguruan kokatzeko.
Luanma Filmsen ekoizpena Antonio Cristobalek eta Felipe Juaristik zuzendu dute elkarrekin. Literatur gidoia Juaristik idatzi du. Kontaketa horren bidez, eleberria eta izenburuaren esanahiaren arrazoien berri izango dugu.