Itxi

telebista

22:30ean

'Secretos de guerra' filma, gaur gauean 'La Noche De...' saioan

EITB

Saioak, gainera, Juliette Binoche aktorearen ibilbidea errepasatuko du eta pelikuletako abesti ezagunen atzean dauden sekretuez arituko da.

  • 'Secretos de guerra' filmeko irudia

    'Secretos de guerra' filmeko irudia

'La Noche de...' saioak Secretos de guerra filma eskainiko du gaur gauean. Bigarren Mundu Gerra garaian kokatutako pelikula da, eta nazien erregimenak ume eta gaztetxoen artean izan zuen eragina islatzen du. Gatazkak berak ekarritako arazo larriez gain, 10 urtetik gorako hainbat gazte Hitleriar Gazterian sartzera behartu zituzten.

Filmak gazte horietako biren historia azaltzen du. Tuur eta Lambert lagun minak diren arren, eskolan hasiko den neska berri batek arriskuan jarriko du bien arteko adiskidetasuna. Gainera, horien familiek gerrako bando ezberdinak babesten dituzte eta horrek ere eragina izango du gaztetxoen eguneroko bizitzan. Naziek okupatutako Herbehereetako lurretan kokatzen da pelikula, eta Felix Linaresek filmazioaren eta aktoreen datu guztiak emango ditu.

Horrez gainera, Juliette Binoche aktore frantziarraren ibilbidea errepasatuko dute. Halaber, pelikuletako abesti famatuenen atzean ezkutatzen diren sekretuak azalduko dituzte; Pretty woman, Casablanca eta Grease pelikula ezagunetako kanten sekretuak, besteak beste.

Amaitzeko, La historia según Hollywood atalak hainbat zalantza argituko dizkigu. Egia ote da Napoleon oso baxua zela? Van Gogh artistak benetan moztu ote zuen bere belarria?

'La Noche de... Secretos de guerra' gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.