Itxi

telebista

Audientzia

Euskal Telebista audientzia-buru, hauteskunde gauean

EITB

ETB2ko saioak 838.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan; ETB1ek, bestalde, 246.000 ikus-entzule.

  • Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga, hauteskunde gaueko aurkezleak ETB1en

    Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga, hauteskunde gaueko aurkezleak ETB1en

Euskal Telebista audientzia-buru izan zen hauteskunde gauean. ETBk jarraipen zabala egin zien bozkei eta saio bereziak eskainiko zituen ETB1en eta ETB2n.

Hartara, ETB2n Africa Baetak, Xabier Garcia Ramsdenek eta Juan Carlos Etxeberriak aurkeztutako saioak 838.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin-eremuan. Bestalde, 246.000 ikus-entzulek bat egin zuten Amaia Cayerok eta Xabier Usabiagak ETB1en gidatutako programarekin.

Hauteskunde gauaren jarraipen bereziak boto-kontaketaren berehalako informazioa eskaini zuen. Halaber, alderdi politikoen egoitzekin zuzeneko konexioak, eta politiko eta adituek osatutako hausnarketa mahaiak tartekatu zituen. Nobedade moduan, errealitate areagotuaren bidez, tamaina errealean, hiriburuetako eta foru aldundietako hautagai nagusien irudia izan zuten platoan.

21:00ak eta 23:30ak artean, %20,5eko audientzia zatia ETBrentzat

Hauteskunde gaueko ordu tarte-nagusian, 21:00etik 23:30era, emaitza gehienak ezagutzera eman ziren unearekin bat datorren tartean, ETB1ek eta ETB2k % 20,5eko audientzia zatia lortu zuten. Aurretik, GIZAKER enpresak egindako inkesten emaitzak eman ziren ezagutzera; 20:00-21:00 arteko ordu tartean % 19,7ko kuota izan zuten ETB1eko eta ETB2ko saioek.

338.000 erabiltzaile bakar eitb.eus-en

eitb.eus webguneak ere audientzia datu bikainak lortu zituen, eta 338.000 erabiltzaile bakar bereganatu zituen albisteen atalean. Egun osoko kontakizuna zuzenean eskaintzeaz gain, GIZAKERek EiTBrentzat egindako galdeketaren berri eman zuen eta herriz herriko emaitzak eskainiko zituen. Hauteskundeen emaitza eta datu guztiak eskuragai daude eitb.eus atarian.

Horrez gain, sarean konektatuta dauden HBBTV telebisten bitartez ere, audientzia nabarmena lortu zuten ETBko saioek. Guztira, 111.000 erabiltzaile izan zituzten HBBTV bide  konektatutako telebistetan.