Itxi

telebista

Estreinaldia

'Puntu Koma' serie digitala estreinatuko du EiTBk

EiTB

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok Next Station ikus-entzunezko plataformaren euskarazko webserie lehiaketa irabazi zuten proiektuarekin, eta EiTBk abian jartzea ahalbidetu du.

1:24
Iñake Irastorza da protagonistetako bat

Ekainaren 4an, Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok sortutako 'Puntu Koma' serie digitala estreinatuko du eitb.eus-ek eta astebete beranduago, ekainaren 10ean, ETB1en hasiko da. Aste bateko aldearekin eskainiko dira batean eta bestean. 'Gure Kasa' amaitu ondoren eskegiko da eitb.eus-eko serie digitalak webgunean, 22:15etik aurrera, eta ETB1en ere, ordu berean eta Julen eta Antton Telleriaren saioaren ondoren eskainiko da.

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok 'Puntu Koma' proiektuarekin Next Station ikus-entzunezko plataformaren euskarazko webserie lehiaketa irabazi zuten, eta EiTBk abian jartzea ahalbidetu du. Maru Solores izan da seriearen zuzendaria eta Izaskun Arandia produktore eragilea, Next Stationeko Jokin Etcheverria, Diego Urruchi eta Elbio Nielsenekin batera.

Hamar minutu inguruko sei atal izango ditu drama eta intrigazko webserieak eta ospitale bateko gela batean dago girotua. Arratek (Iñake Irastorza) ospitaletik dei bat jaso du, Koldo bere semea oso larri dagoelako. Iristen denean, bere semearen bizitza ezagutzen ez duela konturatuko da. Bertan, elkar ezagutzen ez duten pertsona talde bat elkartuko da eta, nahiz eta oso ezberdinak izan, espazioa eta denbora partekatu beharko dute egoera arraro horretan.

Lantaldea aktore ezagunek osatzen dute: Iñake Irastorzak, Mikel Ibargurenek, Iñigo Gastesik, Sara Cozarrek, Enrike Amilibiak, Fariba Sheikhanek eta Iñaki Beraetxek, besteak beste.

EiTBko estreinaldiaren aurretik, hainbat sari eta errekonozimendu lortu ditu Sorzabalbere eta Rojoren 'Puntu Koma'k. Esaterako, Asia Web Jaialdian eta Accolade Global Film Competitionen sari bana jaso du, eta Miami Web Fes Jaialdian Iñake Irastorza aktore onenaren sarirako izendatu zuten.

Next Station ikus-entzunezko proiektu berritzaileen plataformak antolatutako lehiaketaren balorazio-mahaian hartu zuen parte EiTBk eta saritutako lana oso modu positiboan baloratu du. Horregatik hartu du, hain zuze ere, berau gauzatu eta ekoizpena diruz laguntzeko konpromisoa. "Bateko, EiTBk gazte talentua bilatu, garatu eta ondoren atxikitzeko egindako ahaleginaren emaitza bikaina izan da proiektu hau, eta Maialenek eta Amaiak ondo agerian utzi dute bere balioa eta aurretik duten etorkizuna. Besteko, webserieak, iraupen laburreko ikus-entzunezko eduki digitalak diren neurrian, gazteen kontsumitzeko modu berrietara hurbiltzeko aukera ezin hobea eskaintzen digute", adierazi du Itziar Azpeitia ETBko Proiektu Berezien arlo-buruak.

Ildo horretatik, eitb.eus-ek 'Gutuberrak' webseriearekin urratutako bidea sendotuko du 'Puntu Koma'rekin, eta datorren ikasturtean beste pare bat serie digital estreinatuko dira.

Sorzabalbere eta Rojo, biak ere 1996an jaiotako donostiarrak, Zuzenbide eta Komunikazio gradu bikoitzeko eta Historiako ikasleak dira, hurrenez hurren, eta bietako batek ere ez du esperientziarik aurretik ikus-entzunezko medioetan.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista