Itxi

telebista

22:15ean

Gure ingurumenean eta osasunean plastikoak duen eraginaz, gaurko '360º'en

EITB

Eider Hurtado kazetaria, zientzialari, aditu eta medikuekin bilduko da plastikoaren eraginak aztertzeko 'La invasión del plástico: el enemigo en casa' erreportajean.

  • Manu Soto, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea, eta Eider Hurtado kazetaria '360º' saioan

    Manu Soto, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea, eta Eider Hurtado kazetaria '360º' saioan

Egunero erabiltzen dugu plastikoa eta edonon topa dezakegu: edozein produkturen edukiontzian, kosmetika-produktuetan, arropan… Nahiz eta kaltegarria ez dirudien arren, plastikoak ehun urte baino gehiago behar ditu desegiteko, eta ekoiztu eta kontsumitzen dugun plastiko kantitate neurrigabeak gure ingurumena hondatzen ari dira.

Igande honetako '360º' saioak plastikoak ingurumenean duen benetako eragina aztertuko du eta bai animali zein gizakien osasunean dituen ondorio kaltegarriak ezagutzera emango ditu La invasión del plástico: el enemigo en casa erreportajeak.

Eider Hurtadok aurkeztutako saioa Urdaibaiko uretan murgilduko da urpekari talde batekin, euskal kostaldean plastikoaren kutsadura neurtzeko. Gainera, kimika-ikertzaile baten laguntzaz gure itsasoan dauden plastiko motak aztertuko ditu eta plastiko horiek desegiteko zenbat denbora behar duten erakutsiko dute.

Baina, plastikoa benetako mehatxua da gure osasunerako? '360º' saioko lantaldea Granadara joango da, Nicolas Olea ikertzailearekin hitz egitera. Giza gorputzean plastikoaren presentzia aztertzen duen ikerketa baten zuzendaria da Olea. Zehazki, Bisfenol A plastikoaren osagaiaren presentzia arakatzen du bere lantaldeak. Tupper, kontserba lata eta erosketa ticketetan topa daiteke Bisfenol A osagaia eta hainbat gaixotasunekin duen harremana erakutsi nahi du ikerketak. Egindako proben artean, haurdun dauden emakumeen gernua aztertu dute, horien artean, 700 emakume euskaldunena, eta emaitza harrigarriak jaso dituzte.

Bestalde, mikroplastikoetan arreta jarriko du ETB2ko saioak. Gizakiarentzako kaltegarriak al dira? Saioaren lantaldeak gure kostako arrainek plastikoa jaten dutela erakutsiko du eta Plentziako Itsas Estazioan jasotako datu bitxi baten berri emango du: plastikoarekin erlazioa duten ingurumeneko zenbait osagaiek arrainen sexu-aldaketarekin duten eragina.

Amaitzeko, plastikorik gabe bizitzea posiblea den ala ez jakingo dute, eta horretarako, 'plastikariano' mugimendua ezagutuko dute, plastikoa gure bizitzatik kanporatzeko filosofia defendatzen duen mugimendua. Marion la Portek bere etxeko ateak irekiko dizkigu kontsumoan plastikoa murriztea posible dela erakusteko. Baina badaude plastikoaren alde egiten dutenak ere. Larrañaga Plásticos euskal enpresa bat da, plastikozko piezak ekoizten ditu eta No culpes al plástico kanpainaren alde dago.

'360º' saioak Invasión del plástico: el enemigo en casa erreportajea eskainiko du igande honetan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.