Itxi

telebista

22:30ean

'Juan Carlos I, España a su servicio' erreportajea, gaur gauean, ETB2n

EiTB

Arantza Ruiz kazetariak aurkeztutako lanak Juan Carlos I.a errege emerituaren berrogei urteko erregealdia aztertuko du.

  • Jaime Peñafiel kazetaria Arantza Ruizekin, 'Juan Carlos I., España a Servicio' erreportajean

    Jaime Peñafiel kazetaria Arantza Ruizekin, 'Juan Carlos I., España a Servicio' erreportajean

Juan Carlos I.a errege emerituak bizitza publiko eta instituzionala uzteko erabakiaren berri eman zuen aurreko astean, ekainaren 2an. Duela bost urte abdikatu zuen, eta iragarpen honek zalantzak piztu ditu. Batzuen iritziz, publiko egin daitezkeen eskandalu gehiago daude, eta, sor litezkeen polemikak aurreikusita, agenda ofizialetik kanpo utzi nahi izan du errege emerituak bere burua. Iritzi hori dute, besteak beste, Pilar Urbano, Jaime Peñafiel, Pilar Rahola eta Anibal Malvar kazetariek, Jon Iñarritu diputatuak eta Iñaki Anasagasti senatari ohiak.

Beste aditu batzuek, ordea, Juan Carlos I.aren iragarpena Felipe VI.a erregearen aldeko keinu formala dela uste dute, eta errege emerituaren ibilbidea eta abdikazio prozesua goraipatu dute. Horien artean, Javier Ayuso, Errege-etxeko Komunikazio zuzendaria; Fernando Onega, Juan Carlos I.aren biografoa; eta Jose Antonio Zarzalejos eta Rosa Villacastín kazetariak.

Arantza Ruiz kazetariak aurkeztuta, guztien iritziak bilduko ditu Juan Carlos I, España a su servicio erreportajeak, eta errege emerituaren 40 urteko erregealdia aztertuko dute. Besteak beste, diktadura eta demokraziaren arteko trantsizio-garaia, 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpea eta erregearen abdikazioa ekarri zuen Espainiako monarkiaren krisialdia aztertuko ditu saioak.

Juan Carlos I, España a su servicio erreportajea ostiral honetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.