Itxi

telebista

22:15ean

'Sanjoanak 2019', gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Euskal Herriko txoko ezberdinetatik zuzenean eskainiko du Euskal Telebistak San Joan bezperako sua: Eibartik, Donostiatik, Muskiztik, Gasteiztik eta Aguraindik.

0:24
Eibarko Sanjuanak

Gaur, ekainak 23, ETB1ek San Joan gauaren inguruko 'Sanjoanak 2019' programa berezia eskainiko du 22:15etik aurrera. Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetatik zuzenean, San Joan suaren inguruan sortzen den giro magikoa eta urteko gaurik laburrena ospatzeko mito eta tradizioak eskainiko ditu saio bereziak.

Imanol Artola esatariak gidatuko du programa eta harekin batera, Eibarko Unzaga plazan Maite Eskarmendi kazetaria arituko da bertatik bertara eibartarren emozio eta testigantza guztiak jasotzen. Besteak beste, Eibarko dantza garaikidearen taldeak urtero eskaintzen duen dantza ikuskizuna, eta sua piztu osteko danborradaren emanaldia zuzenean eskainiko dituzte.

Halaber, zuzeneko konexioak egingo dira Euskal Herriko beste hiri eta herrietako ospakizunekin, horien artean, Donostia, Muskiz, Gasteiz eta Agurainekoekin.

Odei Esnaola kazetaria Donostian egongo da, Zurriolako hondartzatik zuzenean bertako jaiaren berri emateko. Halaber, San Joan bezperan hirian ospatzen den tradizio handiko ekitaldiaren irudiak ere eskainiko dituzte: zuhaitzaren ezarpena Konstituzio plazan. Zuhaitza antzinako erara jarriko dute, soken bidez.

Iñigo Agirre, bere aldetik, Muskizen egongo da, eta bertako ohiko zuzien jaitsiera eskainiko du. Milaka muskiztarrek desfilea egiten dute, zuziak eskuan, txistulari eta trikitilariekin batera, eta San Joan suaren inguruan amaitzen dute, zuziak garretara botaz. Bertako protagonistak elkarrizketatuko ditu Iñigo Agirrek zuzenean.

Azkenik, Jaione Carpintero kazetaria Gasteizko Judimendi auzora hurbilduko da, eta bertako sua eta suaren inguruko dantzak nolakoak diren erakutsiko du. Ondoren, Arabako beste herri batera joango da, Agurainera, hain zuzen ere. Bertan ez dute San Joan surik pizten; horren ordez, herriko plazaren erdian, elizaren aurrean, zuhaitz enbor handi bat jartzen dute, eta jaialdia eta ospakizunak haren inguruan egiten dituzte.

'Sanjoanak 2019' igande honetan izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.