telebista
Final Handiaren laburpena
Iker Babio, 'El Conquistador del Pacífico' saioaren irabazlea
EITB
Mungiakoak eraman du ikurriña Ibai, Luisito, Krasi, Ianire eta Jontxuren aurretik gelditu baita "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren 15. edizioaren finalean.
-
Iker Babio, 'El Conquis 15' lehiaketaren garailearen ikurrinarekin. Irudia: EiTB
Perlen artxipelagoan egin dute "El Conquistador del Pacífico" saioaren Final Handia eta aurretik telerrealitate saioan ikusi gabeko modu batean abiatu dute: paraxutean salto eginda. Ianire, Ibai, Iker Jontxu, Krasi eta Luisitok jausgailutik jauzi egin dute bi abionetatik, bakoitza irakasle batekin zihoala.
3000 metro erorketa askean
Ikerrek, Eneko Van Horenbekeren borreroak, atzetik aurrerako bidea egin du finalean, paraxutean erortzerakoan azken postuan iritsi baita. Finalistek ez dute bi aldiz pentsatu 3000 metrotik erorketa askean jauzi egiterako orduan. Egia esan, irabazi nahi bazuten ez zuten bestelako aukerarik, baina, gerora, sei finalistatik bat ere ez da damutu bizitako esperientziaz.
3,5 kilometro kayak bikoitzean
Playa Larga hondartzan itsasertzean lur hartu ondoren hiru kayak bikoitz zituzten finalistek zain lehen banderatxoen alboan. Lurreratzeak lehen bikotea baldintzatu du: Iker eta Luisito. Biak erori dira kayaketatik oso urruti, eta ezinezkoa izan zaie korrika eginez gainerako finalistak gainditzea. Dena den, bitxiena gainerako bi bikoteena izan da: Ianire, Jontxu, Ibai eta Krasi batera iritsi dira ontzietara baina Ianire Ibairekin batu da eta Jontxu Krasirekin.
Kasualitatez ala estrategiaren ondorioz, Jontxu eta Krasi oso gaizki atera dira, pisutsuenak baitziren eta batera arraun egitea ezinezkoa egin baitzaie; Isla Pacheca irlarako bide erdian dagoeneko bost aldiz irauli zaie piragua. 3500 metroak bukaezinak egin zaizkie biei, eta Ikerrek eta Luisitok ahalegin handirik egin gabe aurreratu dituzte. Aurretik jarraitzen zuten Ianirek eta Ibaik.
60 metroko hormatzarraren oinetan esan du agur Jontxuk
Isla Pachecan 60 metroko yumar bertikal bat zuten zain lehiakideek probaren erdira iristeko erronka gisa; hormaren gorenera iristerakoan probako bigarren banderatxoa lortuko zuten. Inork espero ez zuena (Jontxuk, behintzat, ez) da bost soka baino egongo ez zirenik; hau da, seigarrena finaletik kanpo geldituko zen. Azpeitiarrak berriz ere bere tolesgabetasunarekin egin du topo eta, oso fidakorra izateagatik, azken soka Krasiri oparitu dio bere ametsari agur esanez. Beste behin ere, Jontxu oso berandu konturatu da lehia benetakoa zela.
Hormatzarretik gorako bidea oso zaila egin zaio bati baino gehiagori; zenbaitek ez zekitelako yumar egiten, Luisitok eta Krasik kasu, edo beste arrazoiren batengatik, Ianirek kasu.
Iker eta Ibai egoeraz baliatu dira zenbait metroko abantaila lortzeko eta probaren buruan jartzeko.
Korrika: 1500 metro eta agur Ianireri
Itsaslabarraren tontorrean bigarren banderatxoa eskuan zutela, helburua Pacheca irla korrika zeharkatzea izan da. Helmugan zegoen hondartzan banakako 4 kayak zeuden; bertara iritsiko zen bosgarrenak agur esango zion finalari.
Lasterketaren buruan zeuden bi berdeak arazorik gabe iritsi dira ontzietara. Luisito nolabait moldatu da Krasiren aurretik iristeko, bizitzan aurretik yumar bakarra ukitu gabe bazegoen ere. Laugarren kayaka Krasiren eta Ianireren artean zegoen baina, ibilbidearen erdian, Ianireren orkatilak "klak" egin du eta abenturan jarraitzen zuen gorri bakarraren finala bukatu egin da. Krasik lortu du azken kayaka eta lau finalistek erronkaren azken zatiari egin diote aurre.
2 kilometro banakako kayakean
Ikurrina Bartolomé uhartean zuten zain baina, lehenik, irabazleak hirugarren banderatxoa lortu behar zuen hondartzaren aurrean kokatutako plataforma batetik.
Isla Pachecatik plataformaraino iristeko bi kilometroek nahiko argi utzi dute zein bi lehiakide egongo ziren finalaren amaieran buruan. Ikerrek eta Ibaik garaipena lortzeko borrokan jarraitzen zuten bitartean, Luisitok eta Krasik abantaila eman diote buruan zeuden lehiakideei. Bazirudien bulgariarrak bateria gehiagorik ez zuela eta ezin zuela laugarren postua baino ezer hobeagoagatik borroka egin. Bestalde, Luisitok hirugarren postua onartu du bere abenturari bukaera emateko modu hobeezin bezala.
500 metro igerian
Iker eta Ibai oso alde txikiarekin iritsi dira plataformara; beraz, Zallakoak oraindik azken aukera zuen bere kide berdea gainditzeko. 500 metroko ibilbidea zuten aurretik ikurrina lortu aurreko azken pistaren aurretik. Ibai begien aurretik kendu gabe, Ikerren besakada sendoak nahikoak izan dira plataformara lehen postuan iritsi aurretik.
5 metroko sakoneran murgildutako kutxa
Laugarren banderatxoa, berezia, itsas hondoan zegoen, 5 bat metroko sakoneran. Ikerrek uretan murgildu eta lehen aukeran hartu du kutxak ezkutatzen zuen ikurrina. Hondartzara iritsi eta garaipena kanoikada batekin ospatzea baino ez zitzaion gelditzen. Inork ezin izan dio garaipenik kendu, Iker da "El Conquistador del Pacífico" saioaren irabazlea.