Itxi

telebista

22:15ean

Nafarroako egoera politikoari buruzko erreportajea, gaur gauean, ETB1en

EITB

Maiatzaren 26ko hauteskunde emaitzak eta etorkizuneko itunak aztertuko ditu 'Dilema gorria' izeneko erreportajeak.

0:25
'Nafarroa. Dilema gorria' erreportajearen irudia

Maiatzaren 26ko hauteskundeek, egoera argitu odez, gehiago nahastu dute Nafarroan. Foru erkidegoko laborategi politikoa borborka dago. Gehiengo ahulek eta sozialista nafarrek EH Bilduri ezarritako betoak ia ezinezko egiten dute gobernagarritasuna. Bide-gurutze zail honetan zer gertatuko den aztertuko du ostegun gauean ETB1en eta eitb.eus-en ikusgai izango den Dilema gorria erreportajeak.

UPNren eta PSNren arteko 40 urteko agintaldiaren ostean, duela lau urte, aldaketa gobernua iritsi zen Nafarroara, lau alderdi oso ezberdinen arteko koalizioari esker (Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra). Eskuin-botoa nagusi dela esan ohi den erreinuan, lehendakaria eta hiriburuko alkatea abertzaleak izan dira azken legegintzaldian.

Nazionalistak menderatu eta gobernu konstituzionalista bermatzeko helburuarekin, maiatzaren 26ko foru bozetara elkarrekin aurkeztea erabaki zuten eskuineko alderdiek (UPN, Ciudadanos eta PP). Euren esanetan, Nafarroaren eta Euskadiren arteko batura eta euskara lurralde guztian inposatzea ekidin nahi zuten.

Dilema gorria izeneko erreportajean hauteskunde emaitzei eta alderdien arteko balizko itunei erreparatuko diete zenbait solaskidek: Aingeru Epaltza, Reyes Ilintxeta eta Juan Kruz Lakasta kazetariek; Patxi Zabaleta eta Begoña Errazti politikari ohiek; Pello Salaburu EHUko errektore ohiak, eta Ainhoa Aznarez (Nafarroako Podemos-Ahal Dugu), Bakartxo Ruiz (EH Bildu) eta Unai Hualde (Geroa Bai) politikariek.

Labirinto politiko honetan nafarren arteko elkarbizitza nolakoa den ere aztertuko dute UPNAko irakasle talde batekin.

Dilema gorria gaur eskainiko da 22:15ean ETB1en eta eitb.eus-en.