Itxi

telebista

Lehiakide gogokoena

Asier Quintana da 'El Conquis'eko ikus-entzuleek gogokoen duten lehiakidea

I. A. | EITB.EUS

Gallartakoak jaso ditu saioko jarraitzaileen boto gehien. Leti San izan da bigarrena; Lekue, hirugarrena; Luisito gelditu da laugarren postuan; Luna, bosgarrenean; eta Iñaki, seigarrenean.

  • Asier Quintana, 'El Conquistador del Pacífico'ko lehiakide gogokoenaren saria jasotzen

    Asier Quintana, 'El Conquistador del Pacífico'ko lehiakide gogokoenaren saria jasotzen

Asier Quintana Gallartako abeltzaina izan da "El Conquistador del Pacífico" saioko lehiakideen artean ikus-entzuleek gogokoen izan dutena. Bere naturaltasunari eta indarrari esker lortu du, besteak beste, saria. 3.000 euroko diru-saria eta Viajes Azul Marino etxeak emandako bidaia bat irabazi ditu. Leti San izan da bigarrena; Lekue, hirugarrena; Luisito gelditu da laugarren postuan; Luna, bosgarrenean; eta Iñaki, seigarrenean.

Abenturaren hasieran, taldekako fasean, talde gorriko kideek zein Seleta eta Manu Maritxalar kapitainek behin baino gehiagotan jarri zuten arriskuan. Dena den, inoiz ez du naturaltasunik galdu eta ez ditu txarrerako hartu izendapenak; izan ere, behin esan zuenaren arabera, nahiago zuen ongi pasatu saria irabazi baino.

Hainbeste izendapenen ondorioz, 5 duelutara joan da gallartarra eta 3 erakustaldi egin ditu haietan: Iñaki Aizpunen aurka sokatiraren dueluan; norbere burua altxatzeko dueluan Caballo, Luisito eta Iñaki Salaberriaren aurka; eta kakoen dueluan Ibai eta Leire Juanesen aurka.

Asierrek zeresan handia eman du bere nahasteekin, umore onarekin, esamolde barregarriekin, labanekiko duen zaletasunagatik eta joko eta dueluetan erakutsi duen kemenagatik; azken horren harira, behin baino gehiagotan muturreraino joan eta Julianek kanporatzeko arriskuan izan da.

Uneoro borrokalaria eta naturala izan da, eta lehiakide askoren gogokoena izatea ere lortu du. Aurretik azaldutako gauza guztiengatik, merezita dauka ikusleen lehiakide gogokoenaren saria.

Leti San, bigarrena

Ez dugu Leti San ahaztu nahi gogokoenaren sariaren lehiaketa honetan, bigarrena izan baita. Ustez lehiakortasun txikiena zuen taldean izan arren, bihotz perutarra duen gasteiztarra oso lehiakorra izan da talde urdinarekin egin dituen joko guztietan. Adibidez, suzia eskuan zutela ur azalean mantentzeko dueluan erakustaldia egin zuen Leti Sanek. Bestalde, nabarmentzekoa da abenturan erakutsi duen umorea, bananaren dantza egin zuenean kasu.

Lekue, hirugarrena

Lekue izan da lehiakideen hirugarren gogokoena. Indartsuenetako bat izateaz gain, Legutioko lehiakideak momentu dibertigarri ugari utzi dizkigu Lopa lagunarekin.

Boto emaileei saria

Azkenik, botoa eman duten guztien artean bidaia bat zozkatu dugu. Irabazlea Hernaniko Raquel Conde Gutierrez izan da. Villa de Laguardia Hotelean bi lagunentzako bi gaueko egonaldia irabazi du. Irabazleek bi gau igaroko dituzte Guardiako lau izarreko hotel horretako logela bikoitz batean. Bertan, buffet erako gosaria eta afaria izango dute, eta Wine Oil Span ur termaleko zirkuituaz gozatu ahalko dute. Bestalde, Villa Lucía ardoaren inguruko gune tematikoa bisitatu eta 4D zentzumen-esperientzia ezagutuko dute. Zorionak!