Itxi

telebista

Saio berria

ETBk Euskal Herriko abesbatzarik onena bilatuko du 'Ahotsak' saioan

EiTB

Astelehenean, irailaren 2an, hasiko den saioa Julian Iantzik gidatuko du, Hibai Etxebarria musikan adituaren laguntzarekin.

0:30
'Ahotsak' saioa, astelehenean ETB1en

'Ahotsak' Euskal Herriko abesbatzarik onena aurkitzeko helburua duen saio musikala jarriko du abian irailean ETB1ek. Julian Iantzik gidatuko du, eta Hibai Etxebarria musikan adituaren laguntza izango du programan.

Baleuko ekoiztetxeak eta ETBk ekoitzitako 'Ahotsak'en atal bakoitzean, hiru abesbatza lehiatuko dira Euskal Herriko hainbat txokotan: Elorrio, Bermeo, Gasteiz, Zarautz, Lizarra, Ordizia, Lekeitio eta Hernani. Guztira, hogeita lau abesbatza arituko dira lehian.

Koru bakoitzak bere etxean, esanguratsua eta estetikoki erakargarria den kokaleku batean, bi abesti eskainiko dizkigu. Bozketa bidez, abesbatzetako zuzendariek eta Hibaik aukeratuko dute nork merezi dituen puntuak. Guztia hartuko dute kontuan: abestiaren aukeraketa, taularatzea, afinazioa, arriskatu izana, garapena...

Saio bakoitzean puntu gehien lortu duen abesbatza izango da garaile. Zortzi saioetako irabazleak Donostiako finalean elkartuko dira. Bertan jakingo da nor den 'Ahotsak' saioko koru garailea.

Musikari eta koruei dagokienez, hainbat estilo eta jatorritakoak ezagutzeko aukera izango da. Euskal kantutegi klasikoa, rocka, popa, musika afrikarra, gospela, elizakoa... Denetarik egongo da.

Saioaren funtzionamendua

Hiru abesbatza lehiatuko dira saio bakoitzean, eta irabazle bat izango da.

Saio bakoitzak hiru fase izango ditu. Lehenengoan, abesbatza bakoitzak nahi duen abestia aurkeztuko du. Hibaik entzun eta ikusi ondoren, balorazioa egingo du eta erronka bat botako dio abesbatza bakoitzari. Lehen fase horretan, koru bakoitzeko zuzendariek emango dute botoa, zein abesbatza gustatu zaien gehien erabakitzeko.

Bigarren fasean, musika adituak jarritako erronkari hobekien nork egin dion aurre erabakiko du Hibaik berak. Hiru koruetatik bat aukeratuko du horretarako.

Eta, azken fasean, abesbatzek zuzenean abestu beharko dute. Zuzendariek eta Hibaik bozkatuko dute fase horretan.