telebista
Kirolak zuzenean
Tourreko Pirinioetako etapa eta Orioko estropadak, gaur, zuzenean, EiTBn
EiTB
Zarautzen Kilometroak jaiaren alde jokatuko den Real Sociedad eta Racing Santander taldeen arteko partida ere izango da ikusgai.
-
Estropadak, EiTBn.
Egunero bezala, Frantziako Tourra zuzenean ikusteko aukera izango dugu eitb.eus-en eta Euskal Telebistan (13:30ean ETB4n eta 15:00etan ETB1en). Pirinioetan erabat murgilduko da, gaur, lasterketa, Tarben hasi eta Tourmalet gainean amaituko den etaparekin. Fermin Aramendi Xabier Usabiaga eta Pedro Mari Goikoetxea arduratuko dira kontakizunaz.
'On Tour' saioan etaparen analisia egin ostean, arraunaren tartea zabalduko da ETB1en eta eitb.eus-en. Lehendabizi, Orioko Kanpina Bandera jokatuko dute Euskotren Ligako taldeek, eta Eusko Label Ligako arraunlarien txanda izango da gero, Orioko Bandera eskuratu nahian. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak emango dizkigute horri buruzko xehetasunak.
Futbola izango da eguneko hirugarren zuzeneko emankizuna, 19:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en. Zarautzen Kilometroak jaiaren alde Real Sociedad eta Racing Santander taldeek jokatuko duten partidaren nondik norakoak ekarriko dizkigute Joseba Urkiolak eta Juanan Larrañagak.
Bestalde, 12:00etan, ETB4n eta eitb.eus-en, Euskadiko Trinketeko Eskuz Binakako Txapelketen emanaldia eskainiko du Iñigo Aiestaranek.