telebista
ETB2n
'Errementari' filma hartuko du ardatz 'El Sabor del Crimen' saioak 22:30ean
EiTB
Andrea Roperok eta Xabi Gutierrezek Paul Urkijorekin hitz egingo dute pelikulaz, eta Toti Martinez de Lezearekin euskal mitologiaz eta Aita Barandiarani buruz.
-
Andrea Ropero eta Xabi Gutierrez. Argazkia: EiTB.
Paul Urkijoren Errementari filma abiapuntu hartuta, euskal mitologian murgilduko dira aste honetan Andrea Ropero eta Xabi Gutierrez ETB2ko 'El Sabor del Crimen' saioan. Bidean, Joxe Migel Barandiaran ekarriko dute gogora, euskal kulturaren aita.
Errementari filmatu zen ingurura joango dira Andrea eta Xabier, Arraia-Maeztu aldera, baita aita Barandiaranen sorterrira, Ataunera, Barandiaranek egindako lanari segida eman dion Toti Martinez de Lezea idazlea eta Paul Urkijo pelikularen zuzendaria bidelagun dituztela.
Deabrua da Errementari-ren historiako protagonistetako bat. Andrea Roperok deabruaz hitz egingo du Antonio Maria Rejano apaiz eta exorzistarekin eta Eneko Sagardoi aktorearekin, berak egin baitzuen deabruaren papera filmean.
Pelikulan agertzen diren beste hainbat kokaleku ere bisitatuko dituzte, hala nola, Korres herriko Erdi Aroko kaleak eta Aiako Agorregi burdinola.
Xabi Gutierrezek, ohi denez, asteko gaiarekin lotura duten jakiak prestatuko ditu. Batetik, patatak trufarekin kozinatuko ditu Arrea! jatetxeko Edorta Lamorekin, eta deabruzko porruak egingo ditu Paul Urkijorekin.
'El Sabor del Crimen' saioa gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.