Itxi

telebista

Denboraldi berria

ETB2ko arratsaldeetako programazio berria abian da

EiTB

Iñaki Urrutiak 'Yo Sé Más Que Tú' lehiaketa gidatuko du, eta Javier Antonek, 'Y punto' umore saioa. 'QMEC' magazinak ordutegi zabalagoa izango du, eta Ion Aramendik eta Arantza Ruizek aurkeztuko dute.

  • Arantza Ruiz eta Ion Aramendi, 'QMEC' saioko aurkezleak

    Arantza Ruiz eta Ion Aramendi, 'QMEC' saioko aurkezleak. Argazkia: EiTB

Irailaren 2tik aurrera, astelehenetik ostiralera, programa eta eduki berriekin osatuko dira ETB2ko arratsaldeak.

Hasteko, Iñaki Urrutiak 'Yo Sé Más Que Tú' lehiaketa berria aurkeztuko du, 16:30ean. Kultura orokorreko ezagutza eta umore ona ardatz hartuta, hiru laguneko hiru talde izango dira aurrez aurre, eta irabazteko, diru zakua gordetzen duen kutxa gotor bat irekitzeko kodeak lortu beharko dituzte.

Ondoren, 'Qué Me Estás Contado' saioak ordutegi zabalagoa izango du denboraldi honetan: 17:15ean hasi eta 19:30 arte iraungo du. Ion Aramendik, gainera, lankide berria izango du: Arantza Ruiz kazetaria. Bien artean egun-eguneko gai politiko eta sozialak aztertuko dituzte, betiere, modu arin eta dibertigarri batean. Ion Aramendi ohiko solaskideekin arituko da, eta Arantza Ruizek gaurkotasuneko gaiak jorratuko ditu, mahai-inguruan, solaskide eta adituekin.

19:30etik aurrera, Javier Antonek 'Y punto' umorezko saioa gidatuko du, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Aitor Gabilondo kolaboratzaileekin batera. Eguneko albisteen beste ikuspegi bat erakutsiko du saio berriak, ikuspegi dibertigarriagoa. Izan ere, errealitateak fikzioa gainditu dezake.

Arratsaldeari amaiera emateko, 'A Bocados' sukaldaritza saioa izango dugu ikusgai. Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak errezeta berezi eta osasungarriak eskainiko dizkigute egunero, 'Teleberri' albistegiaren gaueko edizioaren aurretik.