telebista
22:30ean
'El guardián invisible', gaurko 'El Sabor del Crimen' saioan
EiTB
Andrea Roperok eta Xabier Gutierrezek Dolores Redondo idazlearen eleberri arrakastatsuaren istorioari jarraituko diote.
-
Xabier Gutierrez, Andrea Ropero eta Iñaki Lopez, 'El Sabor del Crimen' saioan. Irudia: EiTB
Astelehenean, irailaren 2an, Andrea Ropero eta Xabier Gutierrez Elizondon gertatutako hilketa misteriotsuen atzetik joango dira ETB2ko 'El Sabor del Crimen' saioan, eta Dolores Redondo idazlearen El guardián invisible eleberri arrakastatsuaren istorioan barrena murgilduko dira.
Nerabeen hilketen atzean Basajauna egon daitekeela entzun dute Baztanen, baina Andreak eta Xabik topatuko duten basajaun bakarra Iñaki Lopez izango da. Iñaki Elizondora helduko da eleberrian aipatzen diren jakiak dastatzeko asmoz: Malkorra gozotegiko Urrakin eginak eta Baztanesa okindegiko Txantxigorriak, hain zuzen ere. Produktu horiek egiten dituzten gozogileekin egongo da Xabier, eta eleberriaren arrakastak nola eragin dien galdetuko die.
Baztango basoak ere arakatuko dituzte, Xabier Petrirena basozainarekin. Mitologian aditua den José Duesorekin, berriz, paraje hauetan bizi diren Basajaun eta Tartaloren inguruan arituko dira.
El guardián invisible eleberriak izandako arrakastari esker, bertan agertzen diren benetako agertokiak ezagutzeko ibilbideak eskaintzen ditu Juan Mari Ondikolek. Muniartea zubia, Engrasi izebaren etxea eta hilerria erakutsiko dizkigu. Gainera, Dolores Redondok liburua idazteko Nafarroako Foruzaingoaren aldetik jaso zuen laguntzaz ere mintzatuko dira saioan.
Amaitzeko, Mikel Losada aktorearekin batera, eleberriko krimenen zaporea lortzeko plater berezia prestatuko du Xabierrek.
'El Sabor del Crimen' astelehen honetan izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.