Itxi

telebista

Gasteizen

'Restaurante Sin Barreras' saioa aurrestreinatu du ETBk FesTValen

EiTB

Desgaitasuna duten zortzi gazte izango dira saioaren protagonistak, eta sei astetan jatetxe bateko langile izateko prestatu beharko dira.

  • 'Restaurante Sin Barreras' taldea

    'Restaurante Sin Barreras' taldea. Irudia: EiTB

Euskal Telebistak 'Restaurante Sin Barreras' saio berriaren aurrestreinaldia eskaini du gaur, irailak 6, Gasteizko FesTValen. Iñaki Urrutiak aurkeztuko duen saioak desgaitasuna duten zortzi gazte hartuko ditu protagonista. Lehiakideak jatetxe bateko langile izateko prestatuko dira sei astetan, Luisa Lopez eta Iñaki Andradas irakasleen laguntzarekin.

Aurrestreinaldia Gasteizko Principal Antzokian izan da, 19:00etan, saioaren lantalde osoaren partaidetzarekin. ETB2k datorren ostegunean, irailaren 12an, eskainiko du saioaren lehen atala, 22:30ean.

Zortzi parte-hartzaileek euren bizitzako erronkarik handienari egingo diote aurre 'Restaurante Sin Barreras' saio berrian. Euren mugak gainditu eta sukalde profesional guztietan beharrezkoak diren baloreak eta trebetasuna lortu beharko dituzte. Ikasitako guztia, gainera, finaleko ekitaldi handi batean erakutsiko dute. Prozesu osoan zehar, lehen mailako bi irakasle izango dituzte: Luisa Lopez eta Iñaki Andradas.

Alex, Igone, Julen, Leire, Lucia, Mikel, Saioa eta Sergio ikasleek naturaz inguratutako eskola moderno batean burutuko dituzte euren ikasketak. Alde batetik, sukaldaritza tailerra jasoko dute Iñaki Andradas sukaldariaren eskutik, eta bestetik, sala eta protokolo tailerra izango dute, Luisa Lopezekin. Eskolan elkarrekin biziko dira, eta ikasi eta bizitako esperientziak partekatuko dituzte.

Saio bakoitzean, Euskadi eta Nafarroako herri eta toki ezberdinetara irtengo dira probak egitera, eta lantalde ezberdinetan murgilduko dira. Berebat, egoera horietan ezagutuko duten jendearekin harremanetan jarriko dira.

Horrez gain, saio bakoitzak izen handiko gonbidatu bereziak ekarriko ditu. Haien eskutik, klaseak eta testigantza pertsonalak jasoko dituzte gure protagonistek, eta gonbidatu bakoitzak bere ibilbidean zehar zer-nolako oztopoak gainditu behar izan dituen kontatuko die.

Programaren dinamika

Atal guztiek antzeko egitura izango dute: lehendabizi, hezkuntza tailerrak emango dira; gero, ikasleek praktikak egin beharko dituzte; eta amaitzeko, azterketa egin beharko dute.

Sukaldaritza tailerrean, Iñaki Andradasek sukaldaritza teknika ezberdin bat erakutsiko die atal bakoitzean, eta ariketa praktiko bat egingo dute ondoren. Bestalde, sala eta protokolo tailerrean, bezeroekiko harremana landuko dute eta joko eta dekorazio-probetan parte hartzeko eskatuko die Luisak.

Halaber, ostalaritza postu ezberdinetan nola lan egiten den ikasiko dute, profesionalak bertatik bertara jarraituz. Horretarako, pintxo-potean, haurren kanpamendu batean eta ekintza solidario ezberdinetan arituko dira, besteak beste.

Atal bakoitzaren amaieran, azkeneko proba bati egingo diote aurre gure protagonistek. Ostalaritza lantalde bateko kide bihurtu, eta mota ezberdinetako bezeroekin egon beharko dute.

Proben balorazioa egiteko, laneko kideen eta bezeroen iritziek garrantzi handia izango dute. Bukatzeko, lehiakideak, Luisa eta Iñaki irakasleak eta Iñaki Urrutia aurkezlea bilduko dira, probako ikaslerik onena nor izan den erabakitzeko.