Itxi

telebista

'ETB Kantxa'

Berrikuntzak, EiTBko pilota emanaldietan

EiTB

Abel Barriola eta Mikel Idoate arituko dira esatari lanetan Xabier Euzkitzerekin eta Josetxo Lizartzarekin, eta Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz arduratuko dira elkarrizketez.

0:30
ETB kantxako lantaldea

EiTBk pilota txapelketa eta jaialdi nagusiak eskaintzen jarraituko du, baina irudi berrituarekin. Urriaren 4tik aurrera, Xabier Euzkitze eta Josetxo Lizartza gidariek bidelagun berriak izango dituzte pilota emanaldietan: Abel Barriola eta Mikel Idoate. Bestalde, Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz arduratuko dira elkarrizketez. 

Astean hiru pilota emanaldi izaten dira EiTBn: ostiral gauetan, larunbat arratsaldeetan eta igande arratsaldeetan. Xabier Euzkitze ostiraletan eta igandeetan aritzen da, eta Josetxo Lizartza, larunbatetan. Mikel Idoate izango da Lizartzaren esatari laguntzailea larunbatetan, eta Abel Barriola Xabier Euzkitzerena igandeetan. Ostiraletan, berriz, txandakatuz joango dira Barriola eta Idoate. 

Biak ala biak pilotari profesionalak izandakoak dira, eta kantxan gertatzen dena euren begiradatik kontatzeko asmoz datoz. Abel Barriolak 19 urte eman zituen profesionaletan, eta 38 urterekin hartu zuen erretiroa, 2017ko apirilean. Mikel Idoateren ibilbidea laburragoa izan zen. 2010ean debutatu zuen, eta, eskuko lesio bat tarteko, 2016an utzi behar izan zuen pilota, 26 urterekin. Ordudanik, hainbat hedabiderekin kolaboratu du. 

Iazko Lau eta Erdiko Txapelketako finalaren ostean ETBk egindako saio berezian elkarrekin aritu ziren partidaren analisia egiten, Pedro Mari Goikoetxearekin eta Juan Mari Juaristi Atano XIII.arekin batera. Aurtengo binakako eta buruz buruko finaletan ere eginbehar horretan aritu dira, eta gaurtik aurrera astero ikusiko ditugu kamera aurrean. 

Bestalde, esatarien kontakizuna osatzeko bi elkarrizketatzaile izango ditugu: Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz. Harmailetako protagonisten hitzak eta pilotarien balorazioak jasoko dituzte. Hitzordu nagusietan, elkarrekin arituko dira; gainerakoetan, bakarka. 

Azkenik, emanaldien irudian eta eskaintzeko eran ere aldaketak antzemango ditugu, 'ETB Kantxa' saiorako propio sortu den estilo-liburu berriari esker. Zallan ekingo diote denboraldi berriari, Lau eta Erdiko Txapelketarekin batera.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Pilota
  • Telebista