Itxi

telebista

23:15ean

'Gabon! Kantatzera Gatoz' saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Telleria anaiek eta Zuriñek gidatuta, Euskal Herriko pertsona ezagun eta esanguratsuak kantuan ikusteko aukera izango dugu.

0:27
'Gabon! Kantatzera gatoz!' saio berezia

Olentzerok Euskal Herriko etxeetan opariak banatzen dituen gauean, Gabon gauean, Telleria anaiek eta Zuriñek Zuhaitzi eta Pagadiri lekukoa hartuko diete. Ohitura onak ahaztu behar ez direnez, Euskal Herriko pertsona ezagun eta esanguratsuak gonbidatu dituzte platora, 'Gabon!, Kantatzera Gatoz' saioan abestu dezaten. 

Gabon kantei ahotsa jarriko dieten lagunen artean, besteak beste, Anne Etchegoyen izango dugu. Horrez gain, gure arten hain maitatuak diren txirrindulari ohiak ikusi ahal izango ditugu: Joseba Beloki, Leire Olaberria, Markel Irizar, Aimar Zubeldia eta Iban Mayo. 

Txirrindulari ohiekin ez ezik, 2019an kirol esparruan protagonista izan direnekin ere bat egin nahi izan dute, Donostiako Urrezko Danborra jasotzeko ohorea izango dutenekin, alegia. Hori dela eta, Realeko futbol eta hockey jokalariek beraiena ez den sagardotegian nola moldatzen diren erakutsiko digute. Orioko neskak, bestalde, Nøgen taldeko musikariekin batu dira 'Marean' izeneko abestia kantatzeko. Hori gutxi ez, eta lehenengo mailan dauden Athleticeko, Realeko, Osasunako eta Eibarreko futbol jokalariek ere sorpresatxo bat prestatu digute 'Din-dan-don' abestiaren doinuan. Kirolarien emankizunak borobiltze aldera, pilotaz asko dakiten EiTBko esatariak zein kazetariak etorriko dira.

Bertsoak ere merezi duen tartea izango du Gabonetako saioan. Baina bertso doinuan ez, Anje Duhalderen erritmoan taularatuko dira gure artean hain ezagunak diren Onintza Enbeita, Maddalen Arzallus, Julio Soto, Iñaki Murua eta Jexus Mari Irazu. 

Aurpegi ezagunekin jarraituz,  platoan izango dituzte herritarron artean hain preziatuak diren sukaldariak: Pili Manterola, Ramon Roteta, Zigor Iturrieta, Javi Sierra eta Joseba Arguiñano. Telebistan agertzen diren sukaldariek arratsaldeko saioen jaun eta jabe direnei emango diete bidea.Bestalde, Itziar Ituño aktoreak 'Gabon! Kantatzera Gatoz' saioko gonbidapena onartu du, eta bere taldearekin batera izango da oholtzan, festa giroan. 

Halaber, Eusko Legebiltzarrean ere izan dira, eta ezagutzen ditugun euskal politikari guztiak batu dituzte 'Lau teilatu' abesteko. 

Aipatutako ospetsuek ez ezik, atzerrian jaio ziren euskaldunek ere izango dute lekua Gabon gaueko saioan. Olatz Salvador abeslari donostiarra jatorri ezberdineko herritarrekin bildu da, eta sehaska kanta ezagun bat abestu dute, goxo-goxo. Era berean, horrelako istorioak ikustea posible egiten duten Aita Mari proiektuko boluntarioak ere animatu dira esperientzia honetan parte hartzera, eta platoan izango dituzte, mikrofonoa eskuan hartuta. 

Bukatzeko, 2019an zendu den Laja trikitilaria ekarriko dute gogora beste hainbat trikitilari ospetsuk, eta plazagizona omenduko dute. 

Amaitzeko, ezin izan dituzte ahaztu lana dela-eta atzerrian bizi diren Euskal herritar famatuak. Hori dela eta, horietako batzuen 'kuku'a jasoko dute, eta hurrengo urtera begira zein desira dituzten jakingo dugu. 

'Gabon! Kantatzera Gatoz' saioa, gaur, 23:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.