telebista
22:30ean
'Lagun y la resistencia frente a ETA' dokumentala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
Erresistentziaren eta askatasunaren ikur izan den Donostiako liburu denda ezagunaren historia kontatzen du dokumentalak.
-
María Teresa Castells Lagun liburu dendan. EiTBren bideo batetik hartutako irudia
Donostiako Lagun liburu dendaren historia biltzen duen Lagun y la resistencia frente a ETA dokumentala izango da ikusgai gaur gauean ETB2n eta eitb.eus-en. 32 urtez Donostiako alde zaharrean eta gaur egun Urdaneta kalean kokatuta dagoen denda erresistentziaren eta askatasunaren ikur izan da.
Lagun liburu denda María Teresa Castells, José Ramón Rekalde eta Ignacio Latierrok ireki zuten 1968an, kulturarekiko interesak bultzatuta. Zabaldu orduko frankismoaren jazarpena jasaten hasi ziren, baita ultra eskuindarren erasoak ere. Demokrazia garaian, ETAren mehatxuak etorri ziren: sabotajeak, pintadak, kristalak apurtzea, molotov koktelen erasoa eta nahita sortutako sute bat ere bai.
Baina Laguneko jabeek herritarren babesa izan zuten une oro, gizon eta emakume asko batu zitzaizkien terrorismoaren aurkako borrokan, euren bizitza arriskuan jarriz. Askatasunaren alde eta indarkeriaren aurka aurpegia eman zuten haien omenez sortu da, hain zuzen ere, dokumental hau.
Kontakizuna osatzeko Ignacio Latierro sortzailearekin hitz egin dute, baita idazle, politikari eta herritarrekin ere. Horien artean, besteak beste, Gorka Landaburu, Ramon Saizarbitoria, Fernando Savater eta José María Calleja. Belén Verdugo da ikus-entzunezkoaren zuzendaria, eta José María Izquierdo eta Luis Aizpeolea gidoiaren egileak.
Arantza Ruizek egingo du Lagun y la resistencia frente a ETA dokumentalaren aurkezpena, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.