telebista
22:15ean
Presoen sakabanaketari buruzko erreportaje berezia, gaur, ETB2n eta eitb.eus-en
EiTB
Presoen senideen egunerokoa izango du hizpide erreportajeak.
-
'La Dispersión: asunto pendiente' erreportaje berezia.EiTBko bideo batetik ateratako irudia.
80eko hamarkadaren amaieran Felipe Gonzalezen gobernuak euskal presoak sakabanatu zituenetik, ETAren berunezko urteetan, sakabanaketaren gaia oraindik konpondu gabe dago. Gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en eskainiko den La dispersión: asunto pendiente erreportajeak fokoa elementu askotan jarriko du. Horietako bat presoen senideak dira, eta erreportajeak senideon egunerokoa eta errealitatea izango dituzte hizpide.
Bi astetan behin, bisitan joateko, kilometro andana egiten dituzten presoen lau familiartekoek euren esperientzia kontatuko dute. Arantza Maiz, duela 24 urtetik hona bere bikotekidea bisitatzera joan ohi da Cadizko kartzelara eta bere testigantza izango da entzungai saioan. Halaber, Etzotzi Elguezabalek ere bere istorioa kontatuko du. Bi ume txiki ditu eta kartzelara bidaiak prestatzeko ahalegin berezia egin behar izaten du. Gaixo dagoen Lutxi Mintegik, berriz, ez du Salamancan preso dagoen semea ikusi azken lau urtetan.
Bestalde, La dispersión: asunto pendiente erreportajeak Juana Zumalderen hitzak jasoko ditu. Bere semeak Frantziako kartzela-politikaren aldaketen onurak lortu ditu, eta, horren ondorioz, bidaia errutinak hobetu direla eta semea etxetik urrun kartzelaratua egotearen zama ekonomikoa arindu duela azalduko du.
Halaber, Angel Toña Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu ohiaren iritzia bilduko dute erreportajean. Toñak hil ziren lagun-min batzuen seme-alaben tutoretza du, eta horietako bat preso dago. Maria Jauregi, ETAk hil zuen Jose Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibil ohiaren alaba, ere elkarrizketatuko dute. Giza eskubideak baldintzarik gabe errespetatzearen aldekoa da Maria.
Epaile, kazetari, legelari, abokatu eta kartzelako funtzionarioen hitzak bilduko dituzte. Tartean egongo dira Augusto Maeso, Euskadiko Jueces para la Democraciako koordinatzailea; Xabier Etxeberria, Nanclares Bidea deritzona hartutako zenbait presoen abokatua; Juanjo Alvarez, UPV/EHUko Nazioarteko Zuzenbideko katedraduna, eta Pepe Moulia, 25 urtez kartzelako funtzionario izandakoa.
Hainbat iritzi eta sentsibilitaterekin batera, sakabanaketa politika hasi zen garaiarekin zerikusirik ez duen gaur egungo egoera islatzen du erreportajeak. Orobat, gogoeta egitera garamatza; hain zuzen, sakabanaketaz egiten den erabileraz eta legezkoa ote den galdetzera.
La dispersión: asunto pendiente, gaur, 22:15ean, izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.