Itxi

telebista

ETB2n, 22:15ean

'Las 11 de Bilbao' erreportajea, gaur gauean, "360º" saioan

EiTB

Basauriko Kalero auzoko etxekoandreen historia kontatzen du. Haien borrokaren ostean heldu zen 1985eko Abortuaren Legea.

  • Eider Hurtado, '360º' saioaren aurkezlea. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

    Eider Hurtado, '360º' saioaren aurkezlea. EiTBren bideo batetik hartutako irudia

Aste honetako "360º" saioak Las 11 de Bilbao erreportajea eskainiko du. 1976an abortuak egiteagatik akusatuak izan ziren Basauriko 11 emakumeen kasua ekarriko digu gogora, historian mugarri izan zen gertaera.

Basauriko Kalero auzoko etxekoandre xume batzuk dira istorio honetako protagonistak. Abortuak egiteagatik epaituak izan ziren, nahiz eta kartzelara joan beharrik ez zuten izan. Emakume haien ahalegin eta borrokari esker, Abortuaren Legea onartu zen 1985ean.

70. hamarkadaren erdialdean, frankismoaren eraginpeko gizarte zurrun batean, emakumeak gizonen menpe bizi ziren, senarraren baimena behar zuten edozertarako, antisorgailuak ilegalak ziren eta abortua delitua zen.

Basauriko 11 emakumeen aurkako epaiketak oihartzun handia lortu zuen euskal gizartean, Estatu mailan eta nazioartean ere. Era eta klase sozial guztietako emakumeen babesa jaso zuten, guztiek bat egin zuten emakume haien alde.

ETB2k igande gauean eskainiko duen erreportajeak gertaeren nondik norakoak bilduko ditu testigantza ezberdinen bitartez: emakume haien defentsa eraman zuten abokatuek, auzoko bizilagunek, epaiketako magistratuetako batek, Lidia Falcon lider feministak, Cristina Alberdi legelariak eta emakume elkarte ezberdinetako kideek hitz egingo dute kasuaz.

Protagonistekin ere egongo dira, aurrez aurre ikusiko ez ditugun arren. Izan ere, hau ez omen da beraien istorioa bakarrik, emakume guztion amatasun eskubideen istorioa baizik.

Las 11 de Bilbao erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en, "360º" saioaren barruan.