Itxi

telebista

'El Conquis'en 8. atala

Desiratutako garaipena lortu dute neskek, eta Fetatok agur esan dio abenturari

EiTB

Berdeek euren lehen garaipena lortu dute abenturako jokorik zailenetako batean. Bestalde, Ixkuren aurkako duelua galdu du Fetatok, duelu bera sorbaldagatik utzi behar izan ondoren.

  • Fetato, duelua galdu ondoren

    Fetato, duelua galdu ondoren. EiTBren bideo batetik ateratako irudia

Poztasun oihuak eta irrintziak Karibe aldean entzun daitezke oraindik. Talde berdeko neskek abenturako lehen garaipena lortu dute, eta, 6 egun ezer jan gabe egon ondoren, euren bizitzako banketeaz gozatu dute "El Conquistador" saioak inoiz izan duen kanpamenturik onenean.

Gogorra eta bihurria izan da Maja taldearen garaipenerako bidea. Neskek eurek bakarrik dakite nola bizi izan diren kanpamentu oso txiroan; erakutsi duten adoreak, ordea, fruituak eman ditu abenturako jokorik zailenetako batean, maspreza gainean orekari eusteko jokoan.

Aurkarien kapitainen aukeraketa giltzarri izan da garaipen hau lortu ahal izateko; izan ere, talde gorriko Iker eta urdineko Fetato ez dira gai izan euren zereginak behar bezala betetzeko. Mariak, ordea, orain arte oharkabean igaro diren agintzeko dohainak erakutsi ditu jokoan.

Oreka probetan aurkaririk ez duela erakutsi du talde berdeak. Zuzia galdu ondoren, irteerara itzuli behar izan duten arren, arazo handirik gabe irabazi dute neskek.

Urdinek eta gorriek oso bestelako proba izan dute. Fetatok ez du jakin bere aginduak behar bezala taldekideei helarazten, eta urari dion izuak ez dio mesede egin. Ikerren ekina are traumatikoagoa izan da: Ion eta Jon Quel lehiakideen izenak nahastu ditu. Hutsegite horren ondorioz, gorriak bigarren tokian egon arren, kanporatuta geratu dira. Beraz, kanpamentu oso txirora joan behar izan dute gorriek; urdinak, berriz, kanpamentu txiroko kobazuloarekin geratu dira.

Dena ez da poztasuna izan Enekoren taldean, are gutxiago Fetatorentzat. Bilbotarra zigortu du kapitainak, eta Ixkuren aurkako duelura bidali du. Hasi eta gutxira utzi du Fetatok duelua, sorbaldako arazo batengatik; beraz, ahalegin handirik egin gabe irabazi du duelua Ixkuk.  

Jendea etengabe galtzen ari da Enekoren taldean, eta, egoera kritikoa ez bada ere, arduratzen hasteko modukoa da. Infernutik igarotzeak Gotzonen taldeari nola eragingo dion ere ikusi beharko da, jakina. Patriren neskei dagokienez, kanpamentu aberatsa ziurrenik mirarizko baltsamo indarberritzailea izango da eurentzat.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.