Itxi

telebista

22:30ean

Koldo Almandozek zuzendutako "Oreina" filma, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EiTB

Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia izango ditu hizpide.

0:22

"Oreina" Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren fikziozko lehen filmak 2018ko Donostia Zinemaldian hartu zuen parte, New Directors sailean, eta 2018ko Euskal Zinemaren Irizar Saria jaso zuen.

Txintxua Filmseko ekoizpenak Almandozek mundua begiratzeko modu pertsonala erakusten duen film garaikidea da. Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia izango ditu hizpide.

Periferia horretan, jatorri desberdineko hainbat pertsona gurutzatuko dira: elkarri hitzik egin gabe bizi diren bi anaia, norabiderik gabe dabilen mutil gaztea eta zelatan dabilen eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea.

Pertsonaia nagusien antzezleak hauek dira: Patxi Bisquert (Tasio, 100 metro), Ramon Agirre (Handia, Julieta, Aupa Etxebeste!), Iraia Elias (emakumezko aktore hasiberri onenaren Goya saria eskuratzeko izendatua Amama filmean egindako lanagatik), Erika Olaizola (Los tontos y los estúpidos) eta Laulad Ahmed Saleh aktore lanetan lehen aldiz dabilen gaztea.

Sei astetan grabatu zen, 2017ko udazkenean, Gipuzkoako hainbat eremutan (Aginaga, Usurbil, Orio, Donostia, Zubieta eta Oiartzun) eta Nafarroan (Elkano).

Teknikarien artean, Almandozekin aurreko beste proiektu batzuetan lan egin duten kolaboratzaileak nabarmentzen dira, hala nola Javier Agirre (2018ko Goya sarietako Argazki Zuzendaritza onena Handia filmagatik), Laurent Dufreche (2018ko Goya sarietako Muntaia onena Handia filmagatik), Alazne Ameztoy soinu-arduraduna eta Marian Fernandez Pascal produkzio exekutiboaren buru. Filmeko jatorrizko musika Elena Setienek eta Ignacio Bilbaok konposatu dute.

Filma Txintxua Films etxearen ekoizpena da, eta ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren, ICAAren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren lankidetza izan ditu bidelagun.

Gaur gauean, 22:30ean, Koldo Almandozek zuzendutako "Oreina" filma, ETB1en, eitb.eus-en eta EiTB Nahieran plataforman ikusgai.