telebista
Ostiraletik aurrera
Emakumezkoen pilota ezagutzera emango duen "Plazandreak" saio berria, udan, ETB1en
EiTB
Hamabi pilotarik hartuko dute parte, lau taldetan banatuta, eta talde bakoitzak entrenatzaile bat izango du. Iñigo Aiestaranek, Elena Azpeitiak eta Gentzane Aldaik gidatuko dute programa.
Emakume pilotariak izango dira protagonista ETB1ek uda honetan eskainiko duen "Plazandreak" saioan. Uztailaren 3an hasi eta abuztuaren 27ra bitartean, ostegunero, emakumeek hartuko dute pilotalekua. Kantxan egiten dakitena erakutsiko digute euren arteko erronka honetan, eta, amaieran, Euskal Herriko talderik onena zein den jakingo dugu.
Hamabi pilotari ikusi ditugu lehian, lau taldetan banatuta, eta talde bakoitzak entrenatzaile bat izango du. Reyes Azkoitia izango dute gidari Irantzu Etxebestek, Nora Mendizabalek eta Olatz Arrizabalagak osatutako taldeak. Iera Agirrek, Arrate Bergarak eta Amaia Aldaik osatutako taldearen prestatzailea, berriz, Mikel Inuntziaga izango da.
Andrea Aldaregia, Olatz Ruiz de Larramendi eta Naroa Agirre pilotariak Erlantz Garciaren esanetara arituko dira. Eta, azkenik, Ainhoa Ruiz de Infante, Maite Ruiz de Larramendi eta Leire Garai lehiatuko dira Naroa Elizalderen gidaritzapean.
Astero, hiru partida jokatuko dituzte, pilota mistoa erabiliz eta hamabi tantora: lehenengoa eskuz banaka, ondoren binaka, eta, bukatzeko, eskuz banakako beste neurketa bat. Ostegunero, bi talde lehiatuko dira, eta hiru puntu izango dira jokoan.
Euskal Telebistak modu berritzailean ekoitziko duen "Plazandreak" saioak helburu bikoitza izango du: batetik, hamabi pilotariek euren jokoa erakusteko aukera izango dute telebistak eskainiko dien plaza berri honetan, eta, bestetik, emakumezkoen pilotari bultzada emateko balioko du.
Berebat, orain arte inoiz ikusi gabeko kirol honen zenbait alderdi erakutsiko dizkigu saioak: pilotariak takoak nola jartzen dituen ikusi, entrenatzaileak ematen dituen aholku edo aginduak entzun...
Iñigo Aiestaranek gidatuko du ETB1eko saio berria, Elena Azpeitia eta Gentzane Aldai lagun dituela. Gentzanek partiden kontakizuna egiten lagunduko dio Iñigori, eta Elenak protagonistak elkarrizketatzeko ardura izango du.
Frontoia plato bihurtuko duen "Plazandreak" saioa ostegun gauero izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.