telebista
''El Conquis''en 22. atala
Manuk Nekane salbatu du eta Mikelek Patxi eta Jenny kanporatu ditu
EiTB
Mikelek irabazi du zerurainoko eskaileren duelua; Manuk Nekane salbatu eta Patxi bidali du duelura, urdin guztiak zur eta lur utzita.
-
Patxi eta Jenny dueluan. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Manu Maritxalarrek sorpresa asko eman ohi ditu, eta "El Conquistador del Caribe" saioaren 22. atalean aho zabalik utzi ditu bere taldeko lehiakideak, batez ere sektore gogorrekoak, ez baitute oraindik ulertzen boxeolari ohiak inoiz ez duela egingo beraiek espero dutena.
Errenteriarrak Nekaneri beste aukera bat ematea erabaki eta Patxi bidali du duelura, besteak beste, oraindik duelurik egin gabe zegoelako. Galdakarra ez dago makurtu eta abentura uzteko prest, taldekideek nahi eta ia exijitzen dioten arren. Urdinek Jenny bidali dute duelura bileran, eta Mikel izan da lehian hirugarrena, talde gorriaren jomugan jarraitzen baitu.
Hirurek zekiten duelua inork egin nahi ez dituenetakoa izango zela, eta zerurainoko eskaileren duelua izugarri gogorra izan da, baita Mikel irabazlearentzat ere, ordu eta erdi behar izan baitu bere laugarren erronka gainditu eta abenturan jarraitu ahal izateko. Patxik eta Jennyk Manu eta Nekane gogoan izan dituzte agur esan dutenean.
Presioak Caguama taldearen lana oztopatu du, eta Alcatrazen igarotako egunak Guaraguao taldea suspertu du. Seleta amorraturik aritu da eta amen batean eraman ditu gorriak orientazio jokoa arazorik gabe irabaztera, nahiz eta Patxik beraien laugarren pista ezkutatu duen.
Otarraina, ardo zuria eta lasaitasuna lortu dute gorriek garaipenarekin, eta finalera bidean urrats handia eman dute. Urdinek, aldiz, bilera izugarri txarra izan dute; saiatu dira Manuk beraiek nahi zutena egin zezan, baina ez dute gogoan izan Nekane duelura bidaltzea kapitainaren esku zegoela. Arazorik gabe sakrifikatu dute Jenny, pentsatuz Manuk beraiek nahi zutena egingo zuela, baina, beste behin ere, ez dute behar bezala jokatu eta kapitainak zur eta lur utzi ditu, Nekaneren aldeko apustua egin baitu.
Beraz, urdinak oso murrizturik geratu dira eta etorkizuna oso iluna dute aurretik; gainera, talde barruko tentsioen ondorioz ere, taldea ez dago batere ongi.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30 aldera, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieran atarian ikus daitezke.