Itxi

telebista

Azken atala

Sanferminak bertan behera uztearen ondorioak, gaur gauean, "360º" saioan

EiTB

Eider Hurtadok peñetako ordezkarien, korrikalarien, ostalarien eta zezenketa-enpresaburuen testigantzak bilduko ditu.

  • "360º" erreportajearen protagonistetako bat.

    "360º" erreportajearen protagonistetako bat. EiTBko bideo batetik lortutako irudia.

Pandemiak biktima enblematiko bat eraman du aurretik: sanferminak. Iruñeak kolpe emozional handia jasango du, baina baita kolpe ekonomiko larria ere, bertako enpresek milioi asko galduko baitituzte. Pobre de mí: este año sin San Fermín erreportajean, sanferminak bertan behera uztearen ondorioak aztertuko dituzte igandean, "360º" saioan. 

Eider Hurtadok hainbat lagunen testigantzak bilduko ditu, Jesus Ilundain El Tuli peñakide beteranoarena eta Gabriel Maeztu Anaitasuna taldeko presidentearena, besteak beste. Gainera, Javier Muñoz El Boti korridore nekaezinarekin izango da. Iaz zezen batek adarkatu zuen, eta 2020an entzierroetara itzultzea amesten zuen. Bestalde, Javier Leoz parrokoak San Lorentzo elizan zaintzen duen San Fermin santua erakutsiko dio. 

Guztion buruan dagoen zalantza bat argitzen saiatuko dira: zer-nolako giroa ikusiko da uztailaren 6an eta 7an Iruñean? Jende asko beldur da "normaltasun berri" honetara arin egokitutako arduragabeak ospakizunetan ibiliko ote diren. Beldur hori ostalarien artean zabaldu da, eta askok euren tabernak ixtea erabaki dute, Kantxa tabernaren jabeak kontatuko digun bezala. Ostalaritza da, zalantza gabe, gehien kaltetutako sektoreetako bat. Horretaz hitz egingo dute El Embrujo jatetxeko Pablo Cadenak eta Gaucho taberna ospetsuko Jesus Mari Ansak.

Ostatuen esparruan ere, 12 milioiko galerak aurreikusten dituzte, bi izar baino gehiagoko hoteletan bereziki. Ezkabako kanpina, turista atzerritarren ohiko helmuga, egoera zailean dago, bertako jabeak, Arantza Calverak, kontatzen duen bezala. Kaltetutako beste enpresa batzuk ere bisitatuko dituzte, hala nola Las Tres Z.Z.Z. mitikoa, zahato edo zahagiak egiten dituena, edo txupinazoa jaurtitzeaz arduratzen den Fiesta piroteknia. 

Bestalde, zezenen munduari buruz ere hitz egingo dute. Saioko kamerak Meridara joango dira Don Telmo lursaila bisitatzera. Ganadutegi ospetsuko jabea, Borja Dómecq, Iruñean jaioa eta sanferminei oso lotua, koronabirusagatik hil zen. Sanferminetako zezenketak bertan behera uzteak abeltzaintzarentzat dakartzan galerak aztertuko dituzte semearekin. 

Pobre de mí, este año sin San Fermín erreportajea, "360º" saioan, gaur, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.