telebista
22:30ean
"The Basque Route" Urduña eta Bilbo artean ibiliko da gaur
EiTB
Iñaki Urrutiak eta Eneko Van Horenbekek babarrun jana egingo dute Zugaztietan.
-
Iñaki Urrutia "The Basque Route" saioaren aurkezlea. Argazkia: EiTB
Gaur gauean, "The Basque Route" saioaren seigarren atala izango da ikusgai. Urduña eta Bilbo arteko ibilaldia egingo du Iñaki Urrutiak oraingo honetan.
Urrutiak Aiarako harana zeharkatuko du Karrantzaruntz, eta Karpin Fauna faunaren babes zentroan, geldituko da. Bertako langileen laguntzaz hartzak elikatuko ditu.
Halaber, Karrantzako haranetik irten gabe, Ordunte mendiaren magalean dagoen Gailurretan nekazal etxea bisitatuko du.
Atal honetako geldialdi gastronomikoa Zugaztietan izango da, meatze gunean, eta Iñaki Urrutiak babarrun jana egingo du, Eneko Van Horenbeke arraunlariarekin batera. Bazkalostean, Iñakik eta Enekok Bilboko itsasadarraren zati bat zeharkatuko dute uretako motorrean.
"The Basque Route" saioaren seigarren atalak Bilboko bi saltokitan amaituko du ibilbidea: Galeria 8360, arteari eta diseinuari eskainitako gunea; eta Ultramarinos Gregorio Martin, Bilboko bakailaorik onena erosteko erreferentziazko lekua.
ETB2n eta eitb.eus-en, "Eguraldia" saioaren ostean 22:30ean izango da ikusgai "The Basque Route" saioaren seigarren atala.