Itxi

telebista

18:00etan

Frantziako Tourraren aurkezpen ekitaldia, gaur, zuzenean, ETB1en

EiTB

Abuztuaren azken larunbatean jarriko da abian nazioarteko proba garrantzitsuenetako bat, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte etapa guztiak.

  • Xabier Usabiaga, Pedro Mari Goikoetxea eta Fermin Aramendi Frantziako Tourreko esatariak

    Xabier Usabiaga, Pedro Mari Goikoetxea eta Fermin Aramendi Frantziako Tourreko esatariak.

Ostegun honetan egingo da 2020ko Frantziako Tourra aurkezteko ekitaldi ofiziala. 18:00etatik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en, zuzen-zuzenean. Abuztuaren 29an, larunbatean, hasiko da lasterketa, eta irailaren 20an, igandean, bukatuko da. 

Guztira 22 taldek eta 176 txirrindularik hartuko dute parte aurten Nizan hasiko den 2020ko Frantziako Tourrean. Bederatzi etapa lauak izango dira, hiruk ibilbide gorabeheratsua izango dute, mendiko zortzi jardunaldi antolatu dituzte (horietako lauk maldan gora izango dute helmuga) eta 36 kilometroko erlojuaren kontrako etapa bat izango da La Planche des Belles Fillesen. Hurrengo egunean, irailaren 20an, Parisko Eliseoko Zelaietara helduko da tropela. 

Abuztuaren azken larunbatean jarriko da abian nazioarteko lasterketa, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte etapa guztiak. "On Tour" saioan, Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak emango digute abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean jokatuko den lasterketaren berri.  

Hasteko, larunbatean, 10:00etan hasita, Emakumezkoen Frantziako Tourra izango da ikusgai. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Leire Olaberria arituko dira lasterketaren kontakizuna egiten. Ondoren, 15:00etatik aurrera, "On Tour" saioan, gizonezkoen lehen etapa jorratuko dute Pedro Mari Goikoetxearekin.

Irailaren 20a arte, egunero-egunero (atseden egunak kenduta) izango da ikusgai "On Tour" saioa, eta baita Frantziako Tourra ere. Gainera, txirrindularitza munduko gonbidatu sorta garrantzitsua pasatuko da platotik; tartean, Abraham Olano, Julian Gorospe, Aimar Zubeldia, Igor Anton eta Unai Osa. Horrekin batera, mota askotako gaiak landuko dira egunez egun. Prestakuntza, psikologia edo elikadura kontuetan adituak diren protagonistak ere izango dira egunero platoan.