Itxi

telebista

Txirrindularitza

Frantziako Tourra, gaurtik aurrera, zuzenean, EiTBn

EiTB

"On Tour" saioan, Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak emango digute abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean jokatuko den lasterketaren berri.

0:25
Abuztuaren 29tik aurrera, Frantziako tourra ETB1n ikusgai

Gaurtik aurrera, Frantziako Tourra izango dugu ikusgai eta entzungai EiTBko hedabideetan: Euskal Telebistan, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.   

Abuztuko azken larunbatean jarriko da abian nazioarteko lasterketa, eta ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte etapa guztiak. "On Tour" saioan, Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak emango digute abuztuaren 29tik irailaren 20ra bitartean jokatuko den lasterketaren berri.  

Hasteko, larunbatean, 10:00etan hasita, Emakumezkoen Frantziako Tourra izango da ikusgai. Fermin Aramendi, Xabier Usabiaga eta Leire Olaberria arituko dira lasterketaren kontakizuna egiten. Ondoren, 15:00etatik aurrera, "On Tour" saioan, gizonezkoen lehen etapa jorratuko dute, Pedro Mari Goikoetxearekin.

Irailaren 20a arte, egunero-egunero, atseden egunak kenduta, izango dira ikusgai "On Tour" saioa eta Frantziako Tourra. Gainera, txirrindularitza munduko gonbidatu sorta garrantzitsua pasatuko da platotik: Abraham Olano, Julian Gorospe, Aimar Zubeldia, Igor Anton, Unai Osa... Horrekin batera, denetariko gaiak landuko dira egunak joan ahala. Prestakuntzan, psikologian edo elikaduran aditu diren protagonistak ere izango ditugu egunero-egunero platoan.

Irratiei dagokionez, Euskadi Irratiak etaparen azken txanpa eskainiko du egunero, 16:00etan hasita. Joxe Mari Apaolaza buru dela, honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Jon Altuna, Eugenio Goikoetxea eta Mikel Astarloza. Asteburuan, berriz, "Hiru Erregeen Mahaia"k emango du lasterketaren berri.

Radio Euskadin eta Radio Vitorian, halaber, egunero egingo diote tartea Tourrari arratsaldean, zuzenean. Besteak beste, Dani Egaña adituak eta Joseba Beloki txirrindulari ohiak egingo dute etaparen kontakizuna, kirol erredakzioko lankideen laguntzaz.

Guztira 22 taldek eta 176 txirrindularik hartuko dute parte aurten Nizan hasiko den 2020ko Frantziako Tourrean. Bederatzi etapa lauak izango dira, hiruk ibilbide gorabeheratsua dute, mendiko zortzi jardunaldi antolatu dituzte (horietako lauk maldan gora izango dute helmuga) eta 36 kilometroko erlojuaren kontrako etapa bat, La Planche des Belles Fillesen. Hurrengo egunean, irailaren 20an, Parisko Eliseoko Zelaietara helduko da tropela.