Itxi

telebista

Telesail berria

EiTBk Zinemaldian aurrestreinatuko du "Alardea", eta bertara gonbidatu nahi zaitu

EiTB

Irailaren 23an izango da atal bereziaren aurrestreinaldia, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egingo den EiTB Galan. Lortu zure gonbidapena.

  • Itziar Ituño "Alardea" telesaileko protagonista.

    Itziar Ituño "Alardea" telesaileko protagonista. Argazkia: ETB

Irailaren 23an, Donostia Zinemaldiko 68. edizioaren baitan, Victoria Eugenia Antzokiak EiTB Gala hartuko du, eta bertan Itziar Ituño protagonista duen "Alardea" telesail berriaren aurrestreinaldia egingo da. Ekitaldia 21:30ean hasiko da, eta EiTBk, K 2000 (a Company of THE MEDIAPRO STUDIO) ekoiztetxearekin batera, bertara gonbidatu nahi zaitu.

Horretarako, gonbidapenak zozkatu dira eitb.eus webgunean, eta oraindik ere jaso daitezke Okendo Plazako eta Kursaaleko informazio puntuetan.

Udazkenean ETB1en estreinatuko den telesailak Amaiaren (Itziar Ituño) istorioa du oinarri. Haur eskolako irakaslea da Amaia, eta auzokide talde batekin batera, bere herriko jaietako alardean desfilatzeko eskubidearen alde borrokatuko da. Izan ere, eta, orain arte, gizonek bakarrik desfilatzen dute bertan. Errotuta dagoen jai-desfile honen inguruan azken 25 urteotan izan den gatazkan inspiratuta, "Alardea"k gai unibertsalak eta gaurkotasun osokoak planteatzen ditu, hala nola, belaunaldien arteko talka, herri txikietan egiten den presio soziala eta gizonek duten errekonozimendu eta ikusgarritasun bera lortzeko emakumeen borroka.

Itziar Ituño aktoreaz gain, Carmen Climent, Klara Badiola, Iñigo Aranburu, Kandido Uranga eta German Alzarazuk osatzen dute aktore nagusien zerrenda.