telebista
22:00etan
"Ni naiz Lete" dokumentala, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB
Leteren heriotzaren 10. urteurrenean, bere musika, poemak eta historia bilduko ditu dokumentalak.
"Ni naiz Lete" dokumentala ostegunean aurrestreinatu zen, Bilboko BBK Salan, eta gaur telebistan ikusteko aukera izango da, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.
Istorioak azaltzeko bi modu daude: batetik, pertsona baten kronologia eta gertakizunak kontatzera mugatzea; bestetik, pertsonaren kontzientziari, sentsibilitateari, espirituaren aldaketari, argitasunari, iluntasunari eta zalantzei buruz aritzea.
Barrura begirako istorioak dira azken horiek, pertsona bere osotasunean, itzal eta argiekin, ulertzeko eta aztertzeko lana hartzen dutenak. Iban Gonzalezek zuzenduta, Baleukok EITBrentzat ekoitzi duen "Ni naiz Lete" lana horien artean koka dezakegu.
Bernardo Atxaga, Antton Valverde, Arantxa Lete eta Lourdes Otaegiren laguntzarekin, Xabierren udaberria, uda, udazkena eta negua errepasatuko ditugu, ikusleari sortzailearen mundu artistikoa zein intimoagoa ezagutzeko aukera emanez.
Beste edozeren gainetik, Lete omendu nahi du dokumentalak. Bere heriotzaren 10. urteurrenean herri honek izan duen artistarik handienetako bati eskerrik beroena ematea da asmoa.
Izarren hautsa, Itsasoan urak handi dire, Xalbadorren heriotza, Habanera, Ni naiz... asko dira Xabierrek herri honi egindako opariak, guztion oroimen kolektiboan gordeta dauden altxorrak. Lan honetan abesti horiek berriz entzuteko eta abesteko aukera izango da, gaur egungo punta-puntako artisten ahotan; izan ere, Eñaut Elorrieta, Inar Sastre, Joxan Goikoetxea, Arantxa Irazusta, Txema Garces, Pier Paul Berzaitz, Magali Zubillaga, Erramun Martirikorena, Ainara Ortega, Landarbaso abesbatza, Doctor Deseo edota Antton Valverdek bertsio bereziak egin dituzte dokumentalerako.
Horrez gain, Kirmen Uribe, Karmele Jaio, Miren Amuriza, Toti Martinez de Lezea, Kike Amonarriz, Jon Maia, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Olatz Salvador, Ines Osinaga, Gontzal Mendibil, Xabi Solano, Mikel Urdangarin, Afrika Bibang, Pello Reparaz eta Miren Agur Meabe topatuko ditugu Xabier Leteren poemak errezitatzen.
Poeta, letragilea, sakona, musikaria, politikaria, pentsalaria, kritikoa, alarguna, gaixoa, zauritua, baztertua zein maitatua; beti ahots propioaren bila ibili ostean, orain dela 10 urte joan zen Xabier.
"Ni naiz Lete" dokumentala, 22:20tik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.