Itxi

telebista

22:30ean

Riviera Mayan izango da gaur gauean "Vascos por el Mundo" saioa

EITB MEDIA

Carolina Calvo kazetariak Riviera Mayako txoko ikusgarrienak bisitatuko ditu Anuska, Pablo, Nerea, Eva eta Argiñe euskaldunen eskutik.

  • Carolina Calvo kazetaria

    Carolina Calvo kazetaria. Argazkia: "Vascos por el Mundo"

Gaur gauean "Vascos por el Mundo" saioak Riviera Maya bisitatuko du. Carolina Calvo kazetariaren eskutik, Yucatango penintsula biltzen duen Karibeko itsasoan barrena arituko da programa. Anuska, Pablo, Nerea, Eva eta Argiñe euskaldunekin Riviera Mayako bitxi naturalak eta ondare historikoa ezagutuko ditu saioak.

Alde batetik, Puerto Morelos herria bisitatuko dute, tartean, bertako hondartza, itsasargia, arrantza gunea eta artisautza merkatua. Snorkela ere praktikatuko dute munduko uharririk handienetako batean.

Ondoren, Playa del Carmen, Fundadores Plaza eta "Quinta Avenida" zeharkatuko dituzte. Cobá izena duen hiri mistikoa bisitatuko dute, 55.000 pertsona hartu zituen antzinako Maya hiria, Yucatan penintsulako piramiderik altuena ere aurkitzen da bertan. Bestalde, Cenote batean sartzeko aukera ere izango dute, harrizko ertz eta ur geza duen dolina batean.

Bisitarekin bukatzeko, Tulum hiriko Playa Paraiso ezagutuko dute, Cancungo edo beste gune turistiko batzuetako iskanbila eta festa girotik aldentzen den txokoa.

"Vascos por el Mundo: Riviera Maya", gaur gauean, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.