Itxi

telebista

20:00etik aurrera

Ipiñaburu, gaur, "Historias a Bocados" saioan

EITB MEDIA

Josebak Txomin, "Pirras" Puy eta Jon ezagutuko ditu. Zeanuriko Ipiñaburu auzoko bizilagunek berarekin partekatuko dituzte euren istorioak.

  • Joseba Arguiñano Ipiñaburuko bizilagun batekin

    Joseba Arguiñano Ipiñaburuko bizilagun batekin. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Joseba Arguiñano sukaldariak Ipiñaburu, Zeanuriko auzoa, bisitatuko du gaur, bertako bizilagunen eskutik: Txomin, "Pirras" eta Puy eta Jon.

Txomin Ozerinjauregik herriaren inguruko istorio asko ditu Josebari kontatzeko. Ipiñaburu eta Zeanuriko zati handi bat eta inguruak ikusi daitezkeen mendi batera eramango du Joseba. Ondoren, Santa Ageda baseliza bisitatuko dute, eta baselizako txokoan odolkiak, txorizoak eta urdaia prestatuko dituzte, urtero ospatzen baitute bertan Santa Ageda jaia. Txomin santu honen zalea da, eta bazkaldu bitartean eta bazkalostean, Bizkaiko alde honetan kantatzen zaizkion koplak ez dira faltako.

Jesus Antonio Uriartek, "Pirras" bezala ezaguna, Zeanuriko auzo honetako bizitzaren erretratua egingo dio Josebari, eta bere oroitzapenak eta bizipenak partekatuko ditu berarekin. Behin lagun nafar batek Ipiñaburun zainzuriak landatzeko aholkatu ziola kontatuko dio. Zainzuriak landatzera animatu zen orduan, eta ordutik hona, bertako beste auzokide batzuen artean zabaldu da bere eredua. Zainzuriak landatzen dituen tokia erakutsiko dio Josebari eta barazki horien laborantzaren sekretuak azalduko ditu. Jateko, jakina, zainzuriak ere ez dira faltako, eta patata tortilla batek lagunduta dastatuko dute "Pirras"en menua.

Bukatzeko, Puy Arrieta eta Jon Etxebarria ezagutuko ditu Josebak, Ipiñaburu Gaztaitegia kudeatzen duten artzain eta gaztagile bikotea. Gaztandegi honek hainbat sari eta errekonozimendu ditu, horien artean, azken saria, "Ordizia Txapeldun" gazta lehiaketaren 33. edizioan lehen eta bigarren postua lortu izana, eta ez hori bakarrik, gazta irabazleak "urrezko Gazta" saria jaso zuen. Azkenik, Puyk mamiak eta gazta freskoa egiten erakutsiko dio Josebari, eta foiez salteatutako barazkiak ere prestatuko dituzte.

"Historias a Bocados" saioak Ipiñaburu bisitatuko du gaur, 20:00etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.