Itxi

telebista

20:00etan

Beasaingo Garin auzora egingo du gaur bisita "Historias a Bocados" saioak, elurpean

EITB Media

Gipuzkoan izango da igande honetan Joseba Arguiñano, elurrak zuritutako Beasaingo Garin auzoan. Iñaki, Pakita eta Begoña ezagutuko ditu bertan.

  • Joseba Arguiñano elurpean Beasaingo Garin auzoan

    Joseba Arguiñano elurpean Beasaingo Garin auzoan. Argazkia: EITB Media

Gaur, urtarrilak 17, elurra izango da "Historias a Bocados" saioko protagonistetako bat. Izan ere, Joseba Arguiñanok Beasaingo (Gipuzkoa) Garin auzoa bisitatuko du, elurpean, eta oraingoan ere bertako hainbat bizilagunen istorioak ezagutuko ditu, sukaldaritza oinarri. ETB2n eta eitb.eus-en izango da ikusgai, 20:00etik aurrera.

Igandeko programan Iñaki Andreu ezagutuko du Josebak, Iruñean jaio eta 1989tik Garinen bizi den 67 urteko landa medikua. Hilerrira arteko ibilaldia elkarrekin egingo dute, bertatik ikusgai dauden bista ederrekin gozatzeko; ondoren, neguko menu bikaina prestatuko dute: dilista egosiak eta haragi-bolak. Iñakik landa mediku gisa bizi izandako istorioak kontatuko dizkio Josebarik, eta makinarekin josteko zaletasunaz ere hitz egingo dio.

91 urteko Pakita Barandiaran ere bisitatuko du Josebak, Garingo bizilagunek zaharrena. Haren etxeko sukaldean egingo dute hitzordua, eta intxaurrak kraskatzen, hautatzen eta potoetan sartzen aurkitu du. Kardua zigalekin prestatuko dute, eta intxaurrak ez dira faltako platerean, noski. Mahaian eseri eta txikitan bizitakoa kontatuko dio Pakitak. Izan ere, Garineko amonak zazpi urte zituen Gerra Zibila hasi zenean eta, oso gaztetan hasi zen lanean eta anaia-arrebak zaintzen, gurasoak galdu ostean.

Aste honetako saioko beste protagonistetako bat Begoña Diaz da, Portugaleten jaiotako 55 urteko emakumea. Orain 30 bat urte iritsi zen Garinera euskara ikastera eta, euskaraz ikasteaz gain, bere senarra izango zena ere ezagutu zuen bertan. Bere familiarekin batera auzotik aldenduta dagoen baserri batean bizi da Begoña, "are gehiago" isolatuta. Garineko bizimoduaz hitz egingo du Josebarekin, elurpean eta paseoan. Sukaldean ere arituko dira, antxume errea prestatzeko.

Joseba Arguiñanok aurkeztuta, "Historias a Bocados" saioa gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.