Itxi

telebista

''El Conquis''en 2. atala

Iani, Seletaren arduragabekeriaren biktima

EITB Media

Berriatuko oilarrak immunitate jokoan egindako iruzurrek kanpamentu oso txirora eraman dute bere taldea, urdina, proban lehenak izan diren arren.

  • Iani "El Conquistador del Caribe" saioan agur esaten

    Iani "El Conquistador del Caribe" saioan agur esaten. EITBren bideo batetik ateratako irudia

Urdinek lehiakide bat gutxiagorekin amaitu dute zoritxarreko eguna "El Conquistador del Caribe" saioaren 2. atalean. Ianiren kanporatzea kapitainen bila hasi duten egunaren azken kolpea izan da. Corocote taldekoak arerioak baino azkarragoak izan dira immunitate proban Seletaren joko zikinari esker; izan ere, mozorroa kendu du eta taldeari deitu dio, bera aurkitu arte isilik egon behar bazen ere. Jokoan akatsen bat egin eta ia ibilbide guztia berriz egin behar izan duten arren, urdinek ikurrina hartu eta lehenak izatea lortu dute. Baina lehen postu horrek ez du ezertarako balio izan, Seletaren joko zikinak kanpamentu oso txirora eraman baititu. Bilera tirabiratsua izan dute, eta taldeak Caren jarri du arriskuan eta Seletak Iani.

Txanponaren beste aldean dago Atabei, talde berdea. Hasieran iparrorratzarekin oker ibili diren arren, gorriak aurreratzea lortu dute Durana kapitainak banbuen gainean izan duen trebetasun eta orekari esker. Hain zuzen ere, trebetasuna eta oreka falta izan zaizkio Manu Maritxalar gorrien kapitainari; hainbat aldiz erori da eta minez eta ondoezik amaitu du jokoa. Ondorioz, medikuak artatu behar izan du. Manuren baldartasunak, gainera, gorrien porrota ekarri du. Halere, Corocote taldea deskalifikatu egin dute, eta, hori dela eta, kanpamentu oso txirora joatea saihestu dute.

Yocahu taldeak kide bat duelura bidali behar izan du. Manuk Patxi aukeratu du, gainerako taldekideen izenik ez zekiela argudiatuz (iaz liskar handiak izan zituzten Manuk eta Patxik). Kakaten dueluan itsu-itsuan aritu dira, eta beteranoak Iani aukeratu du arerio gisa. Patxiren porrota ekar zitekeen aukeraketa horrek; izan ere, Arrasateko lehiakideak ez die beldurrik araknidoei, bat baino gehiago izan ditu etxean, eta baten tatuajea duela erakutsi du harro. Duelu berdinduaren ostean, Patxik jarraitu du abenturan, Ianik baino bi kakata gehiago lortu baititu. Ianik triste bukatu du bere abentura laburra, "Conquis"en egotea bere ametsa baitzen.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.