Itxi

telebista

22:15ean

Epaimahaikideen erabakia "El Estado contra Pablo Ibar" saioan, gaur gauean, EITBn

EITB Media

Gainera, ezohiko gertakari batek epaiketa baliogabetzeko aukera ekarriko du.

  • Pablo Ibar

    Pablo Ibar. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia

Gaur, urtarrilak 31, "El Estado contra Pablo Ibar" Olmo Figueredok zuzendutako telesail dokumentalaren bosgarren atala eskainiko du ETB2k. La Claqueta PC, La Cruda Realidad eta Irusoin etxeek ekoitzitako minisailak sei atal ditu, eta horietan Pablo Ibarren kasua hainbat arlo eta ikuspegitatik aztertzen da, atalez atal; krimena bera, lehen epaiketa, ondorengo apelazioa, lekukoak, hasierako epaia eta behin betiko zigorra. Igandean, 22:15ean, azkenaurreko atala emitituko da. 

Bosgarren atalean, epaia izango dute hizpide. Pablo Ibarrek berriro egin beharko dio aurre une gogor horri. Auzitegiko buru den Dennis Bailey epaileak euren sententzia eskatuko die epaimahaikideei. Denek aho batez esango dute erruduna dela, baina dena galduta dagoela dirudienean, itxaropenerako tartea zabalduko duen zerbait gertatuko da. Erabakia iragarri ondoren, epaimahaikide batek atzera egingo du. Bailey epaileari jakinaraziko dio damutu dela, eta botoa aldatu nahi duela. Pablo Ibarren abokatuek epaiketa baliogabetzeko aukera aztertuko dute.

"Pablo Ibar" kasua

1994ko uztailean atxilotu zuen Poliziak Pablo Ibar, Miamin gertatutako hilketa hirukoitz bat egotzita: Miramarko krimena, gaizkileek erakutsitako ankerkeria eta odol hotzagatik gizarte osoa hunkitu zuena. Hiltzaileek ezagutzen ez zuten segurtasun kamera batek bideoan grabatu zuen erailketa guztia. Gaizkileetako batek aurpegia agerian duela erakusten dute irudiek. Poliziak Pablo Ibar identifikatuko du orduan, baina errugabea dela dio berak

2000. urtean, ofiziozko abokatu bat zuela, Pablori heriotza-zigorra ezarri zioten Seth Peñalverrekin batera. Frogatutzat jo zuten bera dela bideoan agertzen den bigarren hiltzailea. Heriotzaren korridorean sartu zituzten biak, nahiz eta biek errugabeak direla esaten jarraitu zuten. Pabloren familiak dirua biltzeko kanpaina bati ekin zion, kasua berrikusteko prozesua oso garestia baita. Tanya emaztea eta aita, Candido Ibar, buru-belarri murgildu ziren horretan. Abokatu garestienak kontratatu zituzten eta auzitegira jo zuten beste behin ere. 2013an, Seth Peñalver krimenaz libratu, eta aske utzi zuten. Epaileak, ordea, ukatu egin zuen Pabloren helegitea, eta kartzelan utzi zuen. Pablok, baina, errugabea dela esaten jarraitu zuen. 

2015eko apirilean, Benjamin Waxman abokatu berriak apelazioa aurkeztu zuen Floridako Auzitegi Gorenean. Horren esanetan, bideoko hiltzailea ez da Pablo Ibar eta errugabe bat hilko dutela frogatzen duten ebidentziak ditu.