Itxi

telebista

22:00etan

"Idiazabal Oholtzan", gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Hainbat gonbidatuk lagunduta, Idiazabalgo txistulari elkarteak herritik herriarentzat sortutako ikuskizun tradizionala izango da ikusgai.

  • "Idiazabal Oholtzan" ikuskizuna

    "Idiazabal Oholtzan" ikuskizuna. EITB Mediako bideo batetik hartutako irudia

Ilaski Serranok aurkeztuta, "Idiazabal Oholtzan" ikuskizuna izango da gaur ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Bi estreinaldi izango dira aurtengo edizioan eta, hainbat gonbidatuk lagunduta, Idiazabalgo txistulari elkarteak herritik herriarentzat sortutako ikuskizun tradizionala izango da ikusgai.

1993.urtean antolatu zuen Nazario Telleriak gaur egun ezagutzen den moduan lehen txistulari alardea, baina 2008tik Iñaki Telleria musikariak hartu zuen txistulari alardeko zuzendariaren papera. Iñakik zuzendaritza hartzen duen lehen urteetan formatu bera mantentzen du, baina poliki-poliki errepertorioa eta batez ere ikuspegia aldatzen joaten da eszenaratze ikuspegi berri bat ezarriz. Alardea hasiera hasieratik izan duen nortasuna mantentzen saiatzen da, herritik herriarentzat sortutako ikuskizun bat izatea da helburua. Herriko eragileen lanaren plazaratzea, esparru bat sortzea elkarrekin ikuskizun bat sortzeko. Tamalez bizi dugun egoerak aurtengoan formatu txikiago batean pentsatzera eraman die

Errepertorioari dagokionez, azken urteetan aldaketak izan dira. Hasieran, beste herrietatik ekarritako piezekin osatzen zuten batez ere kontzertua, azken urteetan aldiz, bertarako espresuki eginiko geroz eta moldaketa gehiago dituzte. Aurtengoan ordea, bi estreinaldi izango dira: Euskal doinuei eskainitako zortziko bat eskainiko da, Iñaki Telleriak idatzirik Euskal Doinuei zuzeneko elektronika eta txistua elkartuko ditu, Kukai dantza taldearen ekarpenarekin; beste pieza esanguratsua Aitor Furundarenak konposatu du, Aitor Esnaola, biolin, txistu eta soinu-jolea bakarlari gisa izanik.

Birigarroa txistulari elkartearen eskutik, gonbidatu ugari eta herria ardatz duen ikuskizun hau egoerara moldatu eta sorpresaz beteriko ikuskizun bat prestatu dute. Aurtengo alardea hiru zatitan banatzen da: herria, musika eta alaitasuna. Hau da, lehen zatia bertako edo kanpoko herrialdeetako musika tradizionalek osatuko dute; bigarrena, bakarlariei eta gonbidatuei eskainia izango da; eta azkena, esperantzaz beteriko musikak betetakoa.

Horrez gain, ikuskizunean parte-hartuko dute, besteak beste: Euskal Herriko Txistulari Taldeak, Nazario Telleria Jakak eta San Blas Abesbatzaren zuzendariak, Aitor Furundarena soinu bakarlariak, Garikoitz Mendizabal txistulariak, Maddi Arana bibolin joleak, Leire Berasaluze, Kristina Aranzabe eta Iñar Sastre abeslariak, Aritz Markinez Barandiaran bakarlariak, Kukai eta Axari dantza taldeak eta Iñaki Telleria ekitaldiko zuzendari nagusiak. Bertan izango dira baita ere, Ruper Lekua pianoan, Erlantz Metal Boskotea, Igor Torre gitarra jolea, Amaiur Cajaville baxuan, Jesus Mari Garmendia perkusioa eta Igor Telletxea baterian.

"Idiazabal Oholtzan" programaren estreinaldia, gaur gauean, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.