telebista
''El Conquis''en 3. atala
Yocahuak, alerta gorrian; Manu galdu dute eta immunitate jokoan azkenak izan dira
EITB Media
Manu Maritxalar gorrien kapitainak saioa utzi du min hartuta. Urdinek irabazi dute immunitate jokoa, eta gorriak izan dira galtzaileak.
-
Manu Maritxalar negarrez saioa uzten. EITBren bideo batetik ateratako irudia
Burua altxatu ezinik dabiltza gorriak. "El Conquistador del Caribe" saioko beste immunitate joko bat galdu dute gorriek, hirugarren atalekoa. Hiru dira jada galdu dituzten jokoak. Kapitainari errua botatzeak ez du ezertarako balio orain; izan ere, saioa uztea erabaki du Manuk, aurreko probako erorikoen ondorioz duen minarengatik. Beste taldeetako kideen animoak izan arren, hartutako erabakiarekin ziur joan da Maritxalar. Alabaina, behin hondartzan bakarrik egon denean, behera etorri da eta malko artean onartu du "Conquis maite" duela eta barkamena eskatu du saioa utzita norbaiti huts egin baldin badio.
Talde gorriak, ordea, ez du Manu Maritxalar animatu saioan jarraitzeko; are gehiago, lasaitua hartu dute joaten ikusi dutenean, horrekin zorte txarra amaituko zaien esperantzan, beharbada. Baina immunitate jokoan azken postuan geratu dira, proba guztian zehar bigarren joan eta gero. Halere, esfortzu guztiak eginda ere, Yocahu taldea kanpoan geratuko zen arauak hausteagatik.
Norabide ezberdina hartu du jokoak azken unean. Harriekin sua egin behar zuten taldeek, ondoren beraien zuzia piztu eta, lurra ukitu barik, oztopoz beteriko zirkutuan zehar eraman. Sugarra arin lortu dute talde berdeko neskek, eta lehenak joan dira urdinekin zuten aldeari eutsirik, sua pizten denbora asko eman dutelako eta azken postuan atera direlako. Abantaila hori ez zaie ezertarako balio izan Atabey taldekoei, ordea: azken zuzian erabaki da guztia. Talde bakoitzak aukeratutako lehiakideek (Seleta, Nahia eta David) bereak eta bi ikusi behar izan dituzte zuzia piztuta izateko dorrearen goiko alderaino. Azkenean, talde urdinaren kapitainak lortu du azken zuzia piztea eta ikurrina eskuratzea, eta pozarren ospatu dute Corocote taldekoek garaipena.
Yocahu taldea bizi beharko da orain urak hartutako kanpamentu oso txiroan, eta bi lehiakide izendatu beharko dituzte batzarrean. Bestalde, Duranak hari-harian jarri beharko du norbait, eta inor ez da arriskutik kanpo egongo, ezta Andrea ere, Duranaren laguna delako bere taldekideek abantailean dagoela uste badute ere.
Zorte handiagoa izan dute urdinek; horrenbeste desiratu duten kanpamentu aberatsaz eta bertako pribilegioez gozatzeko aukera izango dute, Herrantxik bere taldekideekin dituen eztabaidek "jaia" honda dezaketen arren.
Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen ikus daitezke.