Itxi

telebista

22:30ean

"Vascos por el Mundo" Bernan izango da gaur gauean

EITB Media

Carolina Calvo kazetariak Isuri, Leiba, Josu eta Ireneren eskutik ezagutuko ditu Bernako txokoak.

  • Carolina Calvo, "Vascos por el Mundo: Berna"

    Carolina Calvo, "Vascos por el Mundo: Berna". EITB Mediako bideo batetik ateratako irudia

Gaur gauean, "Vascos por el Mundo" saioak Bernara egingo du bidaia. Carolina Calvo kazetariak Suitzako hiriburua bisitatuko du Isuri, Leiba, Josu eta Ireneren eskutik.

Hiriaren alde zaharra ezagutzen hasiko dute bidaia. Haren arkitekturaren nortasuna eta koherentzia tinko mantendu dira mendeetan zehar, eta horri esker aitortu zuen Unescok gizateriaren ondare 1983an. Nydeggbrücke zubitik ere pasatuko dira, hiria sortu zen puntutik, eta, horrez gain, azoka eta 1530eko erloju astronomikoa, Zytgloggeturm izenekoa, ezagutuko dituzte.

Berna kantonamenduan sortu zen Emmental gazta. Kuriositate horren inguruan aritzeaz gainera, Thun aintzira eta Biel Erdi Aroko hiria bezalako toki ikusgarriak ezagutzeko ere aukera izango dute.

Bestalde, eskia gustuko dutenek Suitzan aurkitzen dute paradisua. 200 eski-gune baino gehiago ditu, tartean munduko estazio onenetako batzuk. Hori dela eta, abenturan murgildu eta ez dute eskian aritzeko aukera galduko.

Gainera, Marzili, Gurten mendia eta antzinako upategi baten barruan eraikitako panpinen antzoki bat ere bisitatuko dituzte. Eta Bernako dorre altuenetik, 100,6 metro dituen katedralaren dorretik, hiriaren ikuspegi zoragarriez gozatzen jarraituko dute.

Suitzako Parlamentua eta hiriko txoko bitxienetako batzuk bisitatuz amaituko dute bidaia; esaterako, zazpi urtez Einstein bizi izan zen etxea eta Laderach txokolategia, Suitzako onenetariko bat.

"Vascos por el Mundo" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.