Itxi

telebista

Abenduak 3

Euskararen Egunarekin bat egingo du Euskal Telebistak aste honetan

A.A.

EITB

Hasier Etxeberriak egindako Euskararen jatorria: Enigma europar bat dokumentala estreinatzearekin batera, 'Anitzele', 'Sautrela' eta 'Mihiluze' saio bereziak egingo dira, baita pilota jaialdi bat ere.

  • Euskararen jatorria. Hasier Etxeberria. Argazkia: EITB

    Euskararen jatorria. Hasier Etxeberria. Argazkia: EITB

Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Egunari arreta berezia eskainiko dio Euskal Telebistak aste honetan. Programazio berezia asteazkenean abiatuko da, Hasier Etxeberria kazetariak euskararen jatorriari buruz egindako dokumentalaren estreinaldiarekin; ostegunean, Bernardo Atxaga idazlea elkarrizketatuko du Xabier Euzkitzek 'Anitzele' saioan; ostiralean, euskararen aldeko pilota jaialdia eskainiko da Donostiako Atano III.etik zuzenean, eta larunbat gauean, 'Sautrela' literatur saioaren edizio berezi bat eta 'Mihiluze' lehiaketaren 900. atala izango dira ikusgai.

Euskararen jatorria: Enigma europar bat

Euskaldunon iruditeria edo imaginarioan txertatutako galdera desberdin askori erantzun nahi dien dokumentala da Hasier Etxeberriak zuzendu duen hau. Zer dakigu euskaldunok gure hizkuntzaren jatorriari eta ahaideei buruz? Zergatik gustatzen zaigu esatea Europako hizkuntza zaharrenetakoa dela? Zergatik da hizkuntza isolatua? Zenbat hizkuntza daude euskararen egoera berdinean?... Munduko hizkuntzalari eta aditu handienetakoek erantzuten diete galdera hauei, Hawai , Paris edo Municheko unibertsitateetatik eta, zer esanik ez, Euskal Herri bertatik ere bai.

Noiztik hitz egiten dugu euskaraz? Nola iritsi da bizirik gaur egunera arte? Egia ote da zerikusia dugula kaukasiarrekin? Iberiarrekin? Berebereekin? Zeltekin?... Hizkuntza kontuak ez ezik, genetikarenak ere agertuko dira, euskal DNA leinuek Britainiar irletarainoko bidaia nola egin zuten ikusteko, azken izotzaldia eta gero...

Azken finean, euskaldunok belaunaldiz belaunaldi hitzetik hortzera darabiltzagun gaien berri eman nahi die dokumental honek euskaldunei ez ezik, baita eta europar orori ere, egia esan behar bada Euskara benetako enigma europar bat da eta.

Bernardo Atxaga 'Anitzele' saioan

Datorren osteguneko 'Anitzele' saioak ere keinu egingo dio Euskararen Egunari eta euskal literaturgintzak eman duen idazlerik ezagunena eta irakurriena, Bernardo Atxaga, hartuko dute gonbidatu. Etxean ez ezik, kanpoan ere gehien preziatzen den idazlea da Atxaga. Orain 35 urte idatzi zuen bere lehen liburua, Ziutateaz. Literatura ogibide hartuta ibilbide oparoa osatu du asteasuarrak. Bere bizipenak gogora ekarriko dituzte Xabier Euzkitzek eta bere taldeak 'Anitzele'n, bere alderik intimo eta ezezagunena ere azaleratuz.

Euskararen aldeko pilota jaialdia

Ostiral gauez 'ETB Kantxa'k eskainiko duen pilota jaialdia euskararen alde izango da eta bertan manifestu bat irakurriko dute. Donostiako Atano III.ean jokatuko da eta partida nagusian lehen mailako pilotariak izango dira nor baino nor: Yves Sallaberry Xala eta Aritz Laskurain, Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriolaren aurka.

'Mihiluze' 900 eta 'Sautrela' berezia

Larunbaterako, Euskararen Egunerako, gau emanaldia berezia prestatu du ETBk. Lehenik eta behin, euskararekin jolasteko gonbita luzatuko digute Ilaski Serranok eta Kike Amonarrizek 'Mihiluze' saioaren 900. atalean. Famatuen laguntzarekin eta aurtengo EITBko Maratoirako dirua biltzeko asmoz, izarrez eta umorez beteriko saioa izango da.

Aitor Zubieta eta Aritz Laskurain pilotariek, Aitziber Garmendia eta Iban Garate aktoreek eta ETB-1eko 'Gaur Egun' albistegiko Xabier Usabiaga eta Amaia Cayero kazetariek euren eguneroko eginkizunak utziko dituzte eta 'Mihiluze'ko lehiakide ausart bihurtuko dira.

Egun horretan 'Mihiluze'k bat egingo du Ez ahaztu Alzheimerraz lemapean egingo den EITBko Maratoiarekin eta lehiakide berezi hauek bertan irabazitako dirua helburu nagusi horretara bideratuko da.

Ondoren, Hasier Etxeberriak gidatzen duen 'Sautrela' saioaren edizio berezia eskainiko da eta bertan, Durangoko Azokari begira jarriko dira.

Denboraldiko estreinako saioa izango den honek mahai inguru formatua izango du. Sei lagun ekarriko dituzte, seirak ere idazleak: Eider Rodriguez, Arantxa Urretabizkaia, Ur Apalategi, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga eta Hedoi Etxarte.

Zer eman dio Durangok geure literaturari? Egia ote Durango gabe txirotasunez hilko ginatekeela? Benetan al da Durango gure literaturaren birika? Horiek eta galdera gehiago erantzuten saiatuko dira, Durangoko azokak liburugintzari ematen diona aitortuz, eta, era berean, eman ez diona aztertuz.