Itxi

telebista

''El Club del Tupper''

"El Club del Tupper" saioa bigarren denboraldia grabatzen hasi da

EITB Media

Bigarren denboraldia uda honetan izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en.

  • Javi Sierra, "El Club del Tupper"

    Javi Sierra, "El Club del Tupper". Argazkia: EITB Media

"El Club del Tupper" saioaren bigarren denboraldiaren grabazioa martxan da jada, eta uda honetan izango da ikusgai ETB2n eta eitb.eus-en. Lehen denboraldiak oso harrera ona izan du publikoaren artean; izan ere, eskaini diren bederatzi emanaldietatik, guztira, % 14,2ko bataz besteko audientzia-zatia bereganatu du. Halaber, 207.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan.

Aurpegi ezagunak, gastronomia eta umorea

Aurpegi ezagunak, gastronomia eta umorea, hauxe da saioaren errezeta nagusia. Astero, Javi Sierra sukaldari eta aurkezleak hiru pertsonaia ospetsu gonbidatuko ditu saiora. Parte-hartzaile bakoitzak errezeta bat prestatuko du eta ez du jakingo noren aurka ari den lehian bukaeran guztiak batu arte.

Protagonistek etxean prestatuko dute janaria eta gainerako lehiakideei errezetak bidaliko dizkiete banakako tupperetan mezularitza-zerbitzu baten bidez. Bakoitzak bidalitako janaria dastatu ondoren, tupper gustukoena aukeratuko dute. Hala ere, euren botoa ez da bakarra izango, Javi Sierrak ere baloratuko baititu proposamenak eta berdin bozkatuko du. Berdinketa gertatuz gero, Javiren botoa erabakigarria izango da.

Gastronomia mundutik urrun dauden esparruetako pertsona ospetsuak sukaldean nola moldatzen diren ikusteko aukera eskainiko du programak, baita pertsona horiek pixka bat gehiago ezagutzeko ere. Hala, entretenimenduko, komunikazioko, kiroleko eta beste profesional ospetsu asko pasatuko dira "El Club del Tupper"etik.

Astero gai berri bat izango dute mahai gainean, eta errezetarik onena egin duen lehiakideak "El Club del Tupper" saioko ohorezko saria jasoko du: "Urrezko tupperra".

Saio-molde arrakastatsua

New Digital Media ekoiztetxeak sortutako saio-moldearen arrakasta EITBtik harago doa. IB3, Balearretako telebista autonomikoan estreinatuko da Otsailaren 21ean, "El Club del Tupper". Michelin izar bat duen Mallorkako Santi Taura sukaldariak aurkeztuko du programa.